Ibaetako kargaren zergatia azaltzea eskatu diote Balzari
Ezker Abertzaleak gogor salatu du Ertzaintzak aurreko ostiralean Ibaetan agertutako jarrera. Poliziaren karga ikaragarria izan zela deitoratu, eta halako jarrerak egungo egoerarekin bat ez datozela berretsi du taldeak. Horiek hala, Javier Balzari itaun zehatzak helarazi dizkio; Brigada Mugikorra desegiteaz galdetu dio, adibidez.
DONOSTIA
Ezker Abertzalea talde parlamentarioak beste behin gaitzetsi du Ertzaintzaren jarrera. Zehazki, iragan ostiralean Polizia horrek EHUko Ibaetako campusean egindakoa deitoratu berri du adierazpen batean, eta Javier Balza Barne sailburuari itaun zehatzak helarazi dizkio jazoera horri buruz.Joan den ostiralean, hainbat gazte mobilizatu ziren Ibaetan, beste hainbat herritan bezala, alderdien mahaia sor dezatela eta ezker abertzalearen aurkako erasoak eten ditzatela eskatzeko. Eguerdian abiatu zen protesta, eta fakultateetatik pasatu ostean errepidera irten zirenean, Ertzaintzak galarazi egin zien bidea. Manifestazioaren burura jo zuten, borrak eskuetan zituztela; protestaren berri ez zutela aurrez eman esan, eta pankarta kendu zieten gazteei. Haietako bati, gainera, identifikatzeko eskatu zioten, eta hark ezetz esateagatik, borrarekin ukondoan kolpatu eta ospita- lean bukatu zuen. 17 urteko gazte bat atxilotu zuten.
«Bake prozesuaren aldekoa» Horiek hala, Ezker Abertza- leak beste behin poliziaren karga ikaragarria salatu zuen, eta gogorarazi zuen mobilizazioa baketsua zela eta bake prozesua sustatzea zuela xede. Horregatik esan zuen euskal gizarteak ez duela ulertzen Ertzaintzak halako jarrerarik izatea, sentsibilitate politikoak elkarrizketaren alde egiten duela ikusten delako.
Taldeak halako poliziaren portaerek «gorroto handiagoa» sortzen dutela salatu zuen, eta prozesua oztopatzen duela ondorioz, alderdien ar- tean elkar ulertzea zaildu egiten dutelakoan. Gainera, ertzainek egungo egoerara moldatu beharko luketela uste du taldeak; baita desmilitarizaziorantz bideratutako neurriak hartuko beharko lituzketela ere. Eta arlo horretan egin dizkio, hain zuzen, Balza sailburuari zenbait galdera.Hala, itaun dio ea Ertzaintzak egungo egoera politiko itxaropentsuari begira poliziak parte hartzeko protoko- loak aldatu ote dituen, eta erabat baketsuak diren mobilizazioetan poliziakideek indarkeria erabil ez dezaten Barne Sailak ea neurririk hartu duen. Azkenik, neurri horietan Brigada Mugikorra desegitea aurrez ikusi duten ere itaun dio taldeak haren «larregizko militarizazioa» dela-eta.
|