GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-06-08
Nekazaritza-eremuko biztanleentzat AHT «mehatxu larria» dela ziurtatu du EHNEk
Abiadura Handiko Trenak landa inguruko biztanleriari ekar diezazkiokeen kalteak Gasteizko Gobernuak aipatzen dituenak baino «askoz larriagoak» izango direla ziurtatu du EHNE sindikatuak. Proiektuaren ondorioz baserriak eraitsi, nekazaritza-lurrak desagertu eta mendiko iturriak desbideratuko dituztela eta obrak egiteko makineriak eragingo dituen kalteak nabarmenak izango direla zehaztu du. Nekazariei AHTri buruzko informazioa «ukatzea» ere gaitzetsi du.

TOLOSA

AHTk nezakaritzaren eta lehen sektorearen inguruko pertsonei sorraraziko dizkien «mehatxu larrien» gaineko ardura adierazi du EHNEk. Sindikatuko ordezkari Eneko Karrerak AHT nekazaritza lurretan eraiki nahi dela azaldu eta azpiegitura erraldoiak «izango duen eraginaz jendea oraindik ohartzeke» dagoelaadierazi zuen, Tolosako Albada Txiki eremuan eskainitako prentsaurrekoan.

Izan ere, AHT ingurune horren azpitik pasatuko da eta, Lakuan adierazi zutenaren arabera, Tolosa izango da Gipuzkoan «eragin» gehien jasango duen herria. Hori horrela izanda ere, Karrerak bertako baserritar eta lurjabeei «inolako informaziorik» helarazi ez izana eta «kasu askotan, datuak ezkutatu» izana salatu zuen.

«Gezur biribilak»

Gizarteratzen den informazioaren gainean ere mintzatu zen Karrera: «Ematen ari diren informazioa okerra dela ikusten ari gara. Kaltetuak hirurehun baserritik gora izango diela diote, baina datu hori gezur biribila da». EHNEko ordezkariak azaldu zuenaren arabera, datu horrek AHTk harrapatuko lituzkeen baserrien kasua soilik biltzen du eta kanpoan uzten ditu trenak hartuko lituzkeen lur-sailak, eta «gune menditsu batean obrak egiten hasten direnean sartzen den makineriak behar dituen sarrera eta hondakindegia. Gipuzkoan, 230 baserri kaltetuen zifra oso baju geratuko da». Horretaz gain, lurrak mugitzen hastean iturriak desbideratu eta baserri ugari urik gabe geratuko direla adierazi zuen: «Gehienok ez dugu sare publikotik hartzen ura, baserria bera edota larreak arriskuan geratuko dira ura desagertzen bada», ohartarazi zuen Karrerak.

Bestalde, Lakuako Garraio Saileko Lurranek izeneko erakunde berria ­nekazariei AHTri buruzko informazioa helarazteko sortu dutela esan zuen Nuria Lopez de Gereñu sailburuak­, arbuiatu zuen EHNEko ordezkariak: «Bere garaian, Lurranek lurrak kudeatzeko guk izan genuen ideia bat izan zen. Urteak pasatu eta, orain, nekazariei lurrak kentzeko erabili nahi dute; desjabetzeak kudeatzeko soilik izango da».

Azpiegiturak eskatzen duen inbertsioaz ere mintzatu zen Karrera eta Gasteizko Gobernuko Nekazaritza Saila «hipotekatua» geratuko dela esan zuen: «Inbertsio handi batek aurrekontuak erabat hipotekatuko ditu, gure kalterako izango da, eta ez digute ezer garbirik esaten. Eztaidarako garaia amaitu omen zen, baina gure sektorean ez da izan eztabaidarik».

Aipatu guztiagatik, larunbatean, 17.30ean, Donostiako Anoeta estadiotik abiatuko den manifestazioarekin bat egin eta gizarteari bertan egoteko dei egin zion.



LAB, ANV, Segi eta MusikHerria batu dira manifestaziora eta Bilbo eta Debako taldeek ekintzak antolatu dituzte gaurko

DONOSTIA

Azken egunetan eragile ugari batu dira AHT Gelditu! Elkarlanak deitu duen manifestaziora. Atzo, LAB, EAE-ANV, Segi eta MusikHerriak iragarri zuten «inposatutako proiektuaren» aurkako mobilizazioan egongo direla.

LABek Euskal Herriko garraioak «arazo larriak» dituela onartu zuen, baina, zehaztu zuenez, «ezer gutxi konponduko du hiriburuak lotzeko soilik balio duen egitasmoak».

Segik Madrilgo eta Gasteizko gobernuen jarrera salatu eta «herriari bizkarra eman» izana egotzi zien.

Arrazoi berberengatik, EAE-ANVk manifestazio jendetsu baten beharra dagoela azaldu zuen, «negozioa bakarrik ­hori bai, denon diruarekin­ bilatzen duen PSOE eta PNVren politika euskal gizarteak errefusa dezan».

MusikHerriak, bestalde, manifestazioarekin bat egin eta 19.00etatik aurrera kontzertuak antolatu dituela iragarri zuen.

Bestalde, TECSA enpresaren Bilboko egoitzaren aurrean (Kale Nagusia 64) elkarretaratzea antolatu dute 18.00etarako, Altuna y Uria, S. A. enpresarekin batera Arrazua-Ubarrundia zatia eraikitzea egokitu zaiolako.

Eibarko Bizikleta Plazan AHTren gaineko parodia egingo dute 19.00etan, ostean hitzaldia izango da eta Nuria Lopez de Gereñu Garraio sailburu eibartarra «pertsona ez atsegingarri» izendatuko dute.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Barre eragiten duen egoera negargarria
Euskal Herria
«Se trata de un proceso y, por tanto, cada día surgirán nuevos retos»
Euskal Herria
«Egin» acordó pagar toda su deuda con la Seguridad Social
Jendartea
Urduritasuna aurten ere
Kirolak
Sarriegi, primer refuerzo rojiblanco
Euskal Herria
La Policía española irrumpe en una rueda de prensa de Batasuna
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea