Frantzisko Xabierkoaren gaineko mitoak argitu ditu Aitor Pescadorrek
IRUÑEA
Frantzisko Xabierkoaren bizitza eta bide batez Nafarroako Erresumaren erorialdia aztertu ditu Aitor Pescador historialariak Txalaparta argitaletxeak argitaratu duen azken liburuan. Bi ardatz nagusi horien inguruan harilkatu du idazle bilbotarrak “Francisco de Xabier. Nacimiento de un mito, muerte de una nación” izeneko liburua, bere esanetan, bi ardatz horiek ez baitoaz elkarrengandik bereizita: «Elkarrekin gurutzatzen dira, eta zenbaitetan, baita nahastu ere», ziurtatu zuen Pescadorrek. Liburu horren bidez, «irakurleari bi gai horien gainean dauden zalantzetako asko argitzen zaizkio eta mitoekin behin betiko bukatzen da». «Helburu nagusia jendeak, hala dirudien arren, horren urrun ez dagoen XVI. mendearen hasiera hartan gertatutakoa jakin, ezagutu, uler eta barnera dezala lortzea da», nabarmendu zuen liburuaren egileak. Horretarako idatzi duen liburua, Pescadorrek azaldu zuenez, ez da eleberri historikoa imajinazioak ez baitu lekurik, baina ezta historia liburu akademikoa ere. «Azken finean, garai horretan gertatu zenaren gaineko irudi argi bat ematen duen liburua da», ondorioztatu zuen. XVI. mendearen hasiera hartan, Frantzisko Xabierkoa jaiotzearekin batera (1506), Nafarroako Erresuma ere behin betiko erori zen («1512-1524ko gerra justua» aipatzen du idazleak berak), eta hortik dator izenburua.
Erreferente gaur egun ere
Nahiz eta horren pertsonaia garrantzitsuaren gainean bere santutasuna eta ekintza on guztiak nabarmentzeko joera izan dugun (hortik datoz, Pescadorren arabera, historian zehar Frantzisko Xabierkoari egotzi izan zaizkion hainbat mito eta uste), liburu honek bere alde gizatiarra nabarmendu nahi du: ikasle bizitza Parisen, gurasoekin izandako ika-mikak, eta abar. «Agian Frantzisko Xabierkoa ez da izango XXI. mendeko jendearentzat erreferente egokiena, baina bere lanerako gaitasuna edo proiektuak aurrera eramateko irmotasuna gaur egun ere errespetatu eta miresteko moduko ezaugarriak dira», ziurtatu zuen idazleak. «Azken finean, liburu honek elkarrekiko independente bezain sinbiotiko diren bi elementu biltzen ditu: Frantzisko Xabierkoaren bizitza eta Nafarroako Erresuma burujabearen heriotza», ondorioztatu zuen Pescadorrek.
|