GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-06-18
Joxe PORTELA | Ibaia elkarteko lehendakaria
«Ikus-entzunezkoen berezko industria sendo baten premia dugu»
Joxe Portela Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko lehendakaria da maiatzaz geroztik. Konfiantza osoa du bertoko profesionalengan eta Euskal Herriak arlo horretan eman dezakeenaz. Hala, duela bi hamarkada loratzen hasi zen eta zimeltzen utzi zuten industria sendo baten alde egingo du kargutik.

Joxe Portela Martinez de Murgia bilbotarra da sortzez, eta 49 urte ditu. Zinema eta telebistarako ekoizlea da eta Abra Producciones enpresako kontseilari delegatua, hemendik aurrera Ibaiako lehendakaritzarekin batera eraman beharko duen kargua.

Musikaren bitartez izan zuen Joxe Portelak ikus-entzunezkoen arloarekin lehen harremana. Unibertsitateko garaiak zituen haiek. Medikuntza ikasketak egiten zituen orduan. «1979an Enbor taldea sortu genuen eta disko pare bat argitaratu genituen Xoxoa diskoetxearekin».

ETB martxan jartzearekin batera, bikoizketaren beharra agertu zen gurean, eta esparru horretan jardun zen Abra Produccioneseko kontseilari delegatua. Edertrack enpresaren sortzailea da. Bikoizketa eta posprodukzioa zituen zeregina. 1995. urtean Pausoka-ra aldatu zen eta bertan eskarmentu handia jaso zuen ekoizpen lanetan, jenero guztietan: magazine, lehiaketa, fikzioko telesailetan, film luze, animazioko lanetan.

2001ean Madrilera aldatu zen eta han hainbat lan garrantzitsu egin zituen.

Abra Producciones 2003az geroztik dago. Hogei dokumental eginak ditu eta film luze bat. Ibaian diren 37 enpresetako bat da Abra.

«Gure enpresetarako lanerako egoerarik onena lortzea da Ibaiaren lehen helburua, eta horri ekingo diot», esan du. Alde horretatik, EiTB, erakunde publiko, ikus-entzunezkoen cluster eta sektorean diren beste interlokutoreekin harremanik onenak izateak berebiziko garrantzia duela uste du. «Gidoilari, aktore eta errealizadore berrien elkarteekin harreman onak ditugu. Baina ETBrekin, esaterako, hobetu egin behar ditugu.Bat ez etortze batzuk egon dira eta oraindik hortxe gaude», aipatu du.

Ikus-entzunezkoen arloan ari diren enpresek ematen duten itxuraz kexu da; alegia, «ematen du diru eske gabiltzala beti». Honakoa azaldu du: «Oro har, lan gutxi egin dugu, komunikazio aldetik, informazio aldetik, herritarrei zera helarazteko: behar-beharrezkoa dugula berezko ikus-entzunezkoen mundu bat hemen, Euskal Herrian. Europako beste herrialde batzuetan barneratuta dute. Frantzian jende gutxik jartzen ditu zalantzan ikus-entzunezkoei diru laguntzak.Argi dute bultzatu egin behar dela».

Portelak esan du: «Oro har, kulturarekin gertatzen den zerbait da. Lehentasunekin zerikusi duen zerbait da, eta tamalez, hemen kultura ez dago horien artean».

Berak, behintzat, argi du: «Oso garrantzitsua da industria sendo bat edukitzea, kulturan ekoizpen propioa izatea.Azken finean, ikus-entzunezkoen bitartez istorioak kontatzen ditugu eta industria propioa baldin baduzu, zure istorioak kontatuko dituzu, bestela, badakigu zer daukagun, beste herrialdeetatik datozkigun istorioak eta berekin barruan dakarten guztia».

Mezu hori zabaltzea egiteke duten lana da, eta Ibaiako lehendakari berriak agendan letra handiz idatzita duen zereginetako bat da.

Zerrenda berean azpimarratuta agertzen da ETBrekin harremanak hobetzen saiatzea. Mugarik Gabeko Telebistari buruzko legeak ezartzen dituen emankizun eta inbertsio kuotak daude norgehiagokaren oinarrian. Legeak dio telebistek aurrekontuaren %5 film luze eta dokumental independenteak diruz laguntzera bideratu behar dutela. «Haiek eta guk testuari buruz egiten genuen hasierako irakurketa ez zen bera.Denborarekin ikusi da guk egiten genuena zela zuzena eta uste dut, une honetan, alderdi politiko guztiek onartu egin dutela interpretazio bat baino ez dagoela. Kontuan hartu behar dugu denak ontzi berean gaudela. Azken finean, gu defendatzen ari gara Europan parlamentuetan alderdi politiko guztiak defendatzen ari diren lege bat aplikatzea. Eta hemen, ikus-entzunezkoen arloa estrategikoki ga- rrantzitsua dela esaten digute erakundeek ­jarraitu du­, baina horretara zuzentzen den diru kopuruan ez da islatzen».

Horiek hala, Portelak deskribatzen duen panorama ez da batere ona. Euskal Herriko ekoiztetxeen telebistarako produktuak normalean ETBrako izaten dira, Madrilen egoitza duten kateentzako telesailen ekoizpena ezin izan dutelako erakarri. «Zinemaren arloan duela urte gutxi arte nahiko inportante izan gara, teknikari, zuzendari oso prestatuak izan ditugu eta, tamalez, kanpoan dira, oso zaila delako hemengo produkzioarekin bizitzea. Normalean, aurrekontu txikiko filmak egiten ditugu hemen».

Galdutako aukera bat

Denboran atzera egiten badugu, bi hamarkada lehenago, «aitzindari» izan ginela esan du; film asko egin ziren hemen. Orduko azpiegitura guztia Madrilera abiatu zen.

Animazioan ere ez da hainbeste nabarmendu ziren lanak atera zirela gure estudioetatik. «Momentu honetan, film luze garrantzitsuenak Galiziatik edoKataluniatik datoz. Gaur egun ekoizpen txikiak egiten ari dira hemen oso aurrekontu eskasarekin; baldintza horietan, ezin dira kanpokoekin lehiatu. Galizian, berriz, enpresa berriak sortu dira instituzioen laguntzari esker».

Euskal Herrian industria sendo bat eraikitzeko osagaiak badirela uste du Joxe Portelak. «Profesional oso onak ditugu eta aukera handiak, baina nahitaezkoa da erakunde publikoen babesa eta bultzada. Badakit herri txikia garela, diru gutxi dagoela eta are gutxiago kulturarako. Egin dezagun bidea elkarrekin kulturarako diru gehiago lortzeko eta kulturaren barruan ikus-entzunezkoetarako. Ez diogu ETBri ezer kendu nahi; batu gaitezen interes horien alde».

Ibaiako lehendakari berriak esan du Ikus-entzunezkoen Liburu Zuriak dioena «egiten bada, horrekin bakarrik pozik geundeke, baina bete ditzatela hor idatzi direnak». -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
En la calle y con el proceso, pese a todo
Euskal Herria
«La respuesta del Gobierno ha sido proporcional a la actuación del TSJPV»
Mundua
Llega el día D tras una campaña marcada por las maniobras de los partidos de cara al futuro
Mundua
Moscú anuncia la muerte del sucesor del presidente checheno Masjadov
Kirolak
Essien salva el honor del fútbol africano
Euskal Herria
Iruñea acogió una gran marcha por los derechos, a pesar de los vetos judiciales
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss