GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Jo puntua 2006-06-18
Kirmen Uribe - Idazlea
Gatza

Gogoratzen dudan lehenbiziko gauza zein den galdetuko balidate, ez nuke jakingo oso ondo zer erantzun. Badaude irudiak, lausoak eta definiziorik gabekoak gehienetan, badaude zaratak, baina argien gogoratzen dudana usaina da, antxoa-xerren usaina. Izan ere, ama eta izeba askotan egoten ziren antxoa-xerrak egiten etxeko sukaldean. Eta ni jolasean ibiltzen nintzen bien bitartean, mahai azpian.

Xerren prozesua luzea izaten zen. Lehenbizi, udaberrian, tamaina oneko antxoak harrapatzen zirenean gorde egiten ziren. Ondo garbitu, eta latetan sartzen zituzten etxeko emakumeek. Latak biribil-biribilak izaten ziren, sakonak eta handiak. Lehenbizi gatz lodia botatzen zen lataren hondo-hondora. Gero, antxoak jartzen ziren, bata bestearen alboan, ilaran. Ilara bat betetzen zutenean, gatz lodia berriz ere eta gainera eta ondotik beste antxoa ilara bat baina aurrekoaren kontrara. Gero, gatz lodia berriz ere. Horrelaxe lata antxoaz gainezka egon arte. Lata betetzean muera botatzen zen. Muera, ura gatzarekin. Ur gazi-gazia izaten zen. Eta gatza tamaina egokian zegoela jakiteko patata bat botatzen zuten uretara ea ur azalean geratzen zen ikusteko. Patata hondoratzen ez bazen prest zegoen muera. Azkenik, latari tapa jarri eta harri handi bat jartzen zitzaion gainean, hondartzako harri handi horietako bat, edo adokin zahar bat, zergatik ez, ura bota zezan.

Eta hantxe egoten ziren gorderik antxoak, ezkutuan eta ilunetan, hilabete luzez. Eta garbitzeko garaia iristen zen halako batean. Erdiko hezurra kendu eta xerrak ateratzen zituzten amak eta izebak, xerra xamur-xamurrak. Eta ni zer gerta ere, hantxe egoten nintzen mahai azpian, hanka tartean jolasean, xerraren bat emango zidaten esperantzaz.

Antxoa-xerrak egitearena beti izan da emakumeen lana. Kontserba-lantegietan haiek egoten ziren lanean duela ehun eta berrogeita hamar urte italiar familiak hona etorri eta lantegiak zabaldu zituztenetik. Emakumeak lanean, neska-koskorretatik. Oraintsu arte.

Gaur, aitzitik, antxoaren eskasiarekin lantegietako lan baldintzak okertu egin dira dexente. Hortxe ikusten ditut kaletik emakumeak, manifestazioa egiten, herriko bazterretan. Emakume langileen manifestazioak, haurrak gurdietan eramaten dituztela.

Badago gatzarekin lotutako esaera bat herrian: gatza eman. Gatza emateak esan nahi du atzean uztea, albo batera uztea, haizea hartzera bidaltzea. Behin gatza emanda arraina iragana baita, beste arrain bati iristen zaio txanda. Bada gatza eman beharko genieke lan baldintza okerrei, gatza, eskubideak ez betetzeari. -


Kirmen Uribe - Idazlea - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
En la calle y con el proceso, pese a todo
Euskal Herria
«La respuesta del Gobierno ha sido proporcional a la actuación del TSJPV»
Mundua
Llega el día D tras una campaña marcada por las maniobras de los partidos de cara al futuro
Mundua
Moscú anuncia la muerte del sucesor del presidente checheno Masjadov
Kirolak
Essien salva el honor del fútbol africano
Euskal Herria
Iruñea acogió una gran marcha por los derechos, a pesar de los vetos judiciales
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss