GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa 2006-06-18
Julen Zabalo - Soziologoa
Autodeterminazioa eskubide bat da?

Autodeterminazioa denon ahotan dago azkeneko garaiotan, baina nahaste handia sortzen du, ez baita oso termino zehatza, kontrakoa dirudien arren. Era horretara, batzuek autodeterminazioa independentziaren pareko bihurtu dute, besteek Euskal Herrian lekurik ez duela pentsatzen duten bezala. Eta mutur horien artean hainbat iritzi desberdin. Badago, beraz, zer hausnartu gai honen inguruan. Lehenik, ea eskubidea den.

Autodeterminazioa, baldintzapeko eskubidea

Aurreko galdera egiten dugu, ez baitago argi autodeterminazioa berezko eskubidea den, eskatzen duenari halabeharrez eman behar zaiona, alegia. Adibide esanguratsu bat ipintzearren, abertzaleok ez dugu zalantzarik erakusten Euskal Herriak autodeterminatzeko duen eskubideaz; hala ere, abertzale gehienek ez lukete onartuko autodeterminazioa edozein herriri ematea, horrek Euskal Herriaren nolabaiteko debaluaketa ekarriko luke eta. Horren aurrean, euskal nazionalismoak autodeterminazioa nazio kategoria lor dezaketen herrientzat bakarrik nahi du, eta ez edozein herrirentzat. Pentsa dezagun Espainiako eta Frantziako estatuetan zenbat herriri onar- tuko geniokeen eskubide hori (eta zenbati ez), eta konturatuko gara egiten dugun mugaketaz.

Ez gara eskubide bat zer den eztabaidatzen hasiko orain, baina izatekotan, euskal nazionalismoarentzat, autodeterminazioa baldintzapeko eskubidea da. Hots, baldintza jakin batzuk betetzen dituenari bakarrik onartu ahal zaion eskubidea. Eta hori baieztatzea garrantzitsua da, ezen, baldintzak ipintzen hasita, alde guztiek dute halakoak ipintzeko eskubidea, eta ez alde batek bakarrik. Denontzako eskubide unibertsala dela esango bagenu, ez genuke edukiko halako arazorik, baina behin baldintzak ipintzen hasita, ezin dugu esan baldintzak guk bakarrik ipintzen ditugula.

Autodeterminazioa Euskal Herrian: baldintza onargarri eta onartezinak

Baldintzak ipintzeak, ordea, ez du esan nahi onartu beharrekoak direnik. Alderantziz, baldintza horiek onartezinak izan daitezke, guk ipinitakoak ere onartezinak izan daitezkeen modu berean. Ikus ditzagun halako baldintza funsbako batzuk.

Horietako lehena, eta gaur egun nahiko gainditua, denentzat horrela ez den arren, autodeterminazioa koloniekin parekatzen duena da. Are gehiago, Europan koloniarik ez dagoenez, eta bai estatuak, eskubide hori ez da Europan erabilgarri. Ikerlarien artean, gutxik defendatzen dute argudio hau, baina bada politikari bat baino gehiago horrekin tematurik dagoena, eta gaia desitxuratzen laguntzen duena (berriki Patxi Lopez, edo Solana ikusi ahal izan ditugu halakoak esaten). Bitxia da, bestalde, autodeterminazioak Europan lekurik ez duela esaten duen argudioa, berez Europarako sorturiko doktrina baita, eta Europako hainbat gai konpontzeko balio izan baitu. Eta horietako azkena oso hurbil daukagu, gainera, Montenegroko auzia autodeterminazioaren bidez konpondu baitzen, eta Montenegro, jakina, Europan dago.

Onartezina iritzi behar zaio, halaber, autodeterminazio eskubide hori, izatekotan, espainiar edo frantziar guztiei dagokiela esateari. Hori ere arazoa desitxuratzea da, logika onean, pentsatu beharko bailitzateke erabakia arazoa jasaten dutenei dagokiela. Gutxieneko jokaera etiko batek horixe bera eskatuko luke, bestela edo koakzioan edo gehiengoaren diktaduran jausten gara eta. Zorionez, kasu honetan ere, azkeneko esperientziek argudio honen gaindiketa erakusten digute (Montenegrok ere adibide honetarako balio du).

Aurrekoarekin askotan loturik, beste argudio batek esaten du edozein aldaketak aurretik isla eduki behar duela legerian. Noski, legeria hori estatuak kontrolatzen du, eta ez ditu gauzak errazten. Hortik dator hainbat ahalegin legerian zirrikituren bat aurkitzeko, eta nolabaiteko aldaketa bat proposatzeko. Ahalegin hutsalak dira, legeak ezin baitira aurretiko baldintza gisa ulertu; gizartea ez zaie legeei makurtu behar. Aitzitik, legeak de facto dagoen egoera baten isla izan behar dira. Lehenengo da egoera, eta gero legea, eta ez alderantziz.

Gatazka politikorako konponbidea, autodeterminazioaren balio gehitua

Baldintzak hor daude, beraz. Denek uste dute baldintzak ezarri behar direla, baina kritikatu egiten dituzte besteak ipinitakoak. Badago, ordea, baldintza egoki eta onargarririk ipintzerik? Zeintzuk dira? Ikertzaile gehienen ustez, testuingurua ondo aztertu behar izaten da. Eta Euskal Herrian testuinguru horrek gatazka politiko luze batez hitz egiten du.

Testuinguru horretan, autodeterminazioak bere ahalmen guztia lortzen du, apurka-apurka lortu baitu gataz- kaz hitz egiten duen testuinguru horren konponbidea neurri demokratikotzat jo behar den autodeterminazioari lotzea. Hau da, berez eduki zitzakeen balioez gain, autodeterminazioari balio gehitua eman behar zaio Euskal Herrian, bertako gatazka politikoa konpontzeko bide bezala ezaugarritzen da eta.

Batzuek, PPk, ordaindu beharreko prezioaz hitz egin dute, interpretazio horren buruan PSOEk amore emango bailuke euskal nazionalismoaren aurrean. Nahastu egiten dira, noski, autodeterminatzeko eskubidea eta egikaritzea, baina hori ez da garrantzitsuena, eta bai, aldiz, gatazka konpontzeko tresna bat eskura dagoela.

Gaur egun gatazkaren konponketak lehentasuna eduki beharko luke, eta alde batek autodeterminazioaren inguruan jarri du konponketarako gakoa. Galdera da, beste aldearentzat kaltegarria da autodeterminazioa? Demokraziaren ikuspuntutik nekez erantzun liteke halakorik, eta horrek ematen dio balio positiboa autodeterminazioari gaur egun. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
En la calle y con el proceso, pese a todo
Euskal Herria
«La respuesta del Gobierno ha sido proporcional a la actuación del TSJPV»
Mundua
Llega el día D tras una campaña marcada por las maniobras de los partidos de cara al futuro
Mundua
Moscú anuncia la muerte del sucesor del presidente checheno Masjadov
Kirolak
Essien salva el honor del fútbol africano
Euskal Herria
Iruñea acogió una gran marcha por los derechos, a pesar de los vetos judiciales
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss