GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-06-18
Lurra izan du mintzagai Nazio Eztabaida Guneak
·Lurra nazio eraikuntzaren eta jarduera guztien oinarria dela izan da abiapuntua

Lurra giza jarduera guztien oinarria dela eta nazio eraikuntzarako garrantzizko elementua dela aintzat hartuta, Euskal Herriko hainbat eragilek bat egin dute Donostian lurraren kudeaketaren gaineko eztabaida hasteko. Nazio Eztabaida Guneko kideek ekarpen ugari egin dela nabarmendu dute.

DONOSTIA

Nazio Eztabaida Guneak lurraren gaineko eztabaida hasi zuen atzo, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Euskal Herriko hogei eragile sozial, politiko eta sindikaletako kideak batu ziren lurrak nazio eraikuntzan duen garrantziaz eta kudeaketa egokiaz mintzatzeko.

Eneko Companis eztabaidako koordinatzaileak argitu zuenez, lurraren eztabaidan hainbat proposamen daude eta, adostasunerako aukerak zeudela ikusirik, eztabaidari heltzea erabaki zuten. Lan-taldea osatu eta atzo eman zioten hasiera eztabaidari.

Oinarrizko bi ponentziari buruz hitz egin zuten, eta proposamen ugari izan dela nabarmendu zuen. Besteren artean, luzamendu bat eskatzeko beharra plazaratu zuten eztabaidan: «Ikusita hainbat proiektu daudela eta horien bidez pauso atzeraezinak emango direla, AHT eraikitzen hasten bada, adibidez, sarraskia eragingo du; askok luzamendu bat behar dela nabarmendu dute, baina tirabirak ere egon dira».

Companisen hitzetan, Nazio Eztabaida Gunean «esprekto ideologiko zabala» dago eta, lurraren aferan, interes kontrajarriak ere topa daitezkeela argitu zuen: «Batzuk ekologistak dira eta, beste batzuek hainbat gauza kudeatzen dituzte Jaurlaritzan. Oso proiektu kontrajarriak izan ditzakete, eta gure asmoa da aztertzea gai honen gainean adostasunak lortzeko zer aukera egon daitezkeen».

Parte-hartzaileen artean, Txetxu Aurrekoetxea Ihobeko presidentea, EHNE, Akuilu, LAB, AHTren aurkako asanblada eta talde ekologista ugari izan ziren. Sabin Intxaurraga Lakuako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saileko buruak idatzizko ekarpenak bidali dituela esan zuen Companisek.

Nazio eraikuntza eta kontzientzia

Eztabaidagai izan ziren dokumentuen artean, lurra jarduera guztien oinarria dela eta hainbat egituraren bidez Euskal Herrian gertatzen ari den «txikizioaz» kontzientzia piztu behar dela nabarmentzen da. Bigarren dokumentuan, bakoitzak proiektu ezberdinak defendatuko baditu ere, hartzen diren akordioak parte-hartzea sustatuta eta modu demokratikoan har daitezela bultzatzen du. Helburua erdiesteko mekanismoak ere aipatzen dira testuan, oinarritzat informazioa jasotzeko, iritzia emateko eta erabakitzeko eskubidea dutenak. «Hartzen diren erabakiak era demokratikoan eta parte-hartzea sustatuta har daitezela bideratu nahi dugu. Hori da gure erronka», esan zuen.

Lehen eztabaida horretan ekarpen ugari izan dela baieztatu zuen Companisek, eta hurrengo urratsa konpromiso minimo batzuk bilduko dituen testua zehaztea izango da. Dokumentu hori eztabaidan parte hartu duten eta bertan izatera gonbidatu dituzten eragileei bidaliko diete, ekarpen gehiago egiteko aukera izan dezaten. Hala eta guztiz ere, «adostasuna erabat mamitua ez dagoela» sumatzen badute, irailean bigarren bilkura bat egiteko asmoa erakutsi zuten.

Testu hitzartua Nazio Eztabaida Guneko kide guztiei helaraziko dietela gaineratu zuen, urriaren bukaeran izango den biltzarrean azter dezaten.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
En la calle y con el proceso, pese a todo
Euskal Herria
«La respuesta del Gobierno ha sido proporcional a la actuación del TSJPV»
Mundua
Llega el día D tras una campaña marcada por las maniobras de los partidos de cara al futuro
Mundua
Moscú anuncia la muerte del sucesor del presidente checheno Masjadov
Kirolak
Essien salva el honor del fútbol africano
Euskal Herria
Iruñea acogió una gran marcha por los derechos, a pesar de los vetos judiciales
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss