GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-05
Nola landu elikadura nahasteak ikasgelan
Elikadura jokaeraren nahasteek erabat aldrebesten dute sufritzen dituen hori. Baina ingurukoek ere ederki sumatzen dute eritasuna; bai ulertzen oso zaila delako eta bai maiz nola lagundu ez dakitelako. Egunotan Donostian Hik Hasik antolatutako Udako Topaketen barruan, hainbat aditu pistak ematen saiatu dira irakasleei, eritasun hori duten ikasleei laguntzeko bidea zerbait argitze aldera.

Elikadura jokaeran izaten diren nahasteen iturria arazo psikologiko bat da. Hori nabarmendu zuen atzoko hitzaldian Agurne Juldaianek. Psikologoa eta ACABE anorexia eta bulimiaren aurkako elkarteko kidea da Juldaian, eta egunero egiten du lan halako eritasunen bat dutenekin. «Irakasleak pentsatu behar du haur batek dislexia duen bezala, beste batek anorexia izan dezakeela. Klasean berdin tratatu behar dira, eta hortik aparte izango dute beren laguntza. Baina beste ikasleen tratu berdina izan behar dute, betiere izan ditzakeen gorabeherak ulertuz, noski».

Hartara, haur batek elikadura portaeran nahasteren bat izan dezakeela pentsatuz gero, irakasleei orientatzailearengana jotzeko gomendatu zien Juldaianek. Ikasle horrengana joateko ere aholkatu zien, baina beti zeharka. «Ez da komeni gazte horri asko argaldu dela eta bazkaloste guztietan komunera oka egitera joaten dela zuzenean esatea, ez baitu sekula horrelakorik onartuko. Harengana gerturatzeko beste modu batzuk topatu behar ditu irakasleak; zergatik dagoen triste, lagunengandik zergatik ari den aldentzen... horrelakoak galdetzea gehiago komeni da».

Ez ohikoak diren jarrerekin erne egon behar dute gaixoaren ingurukoek, bai etxean eta bai eskolan. Horiek hala, pisu galera nabarmenak, ahultasuna, umore aldaketa bortitzak, lo egiteko arazoak, kirola egiteko joera obsesiboa... sintoma argiak izan daitezke. «Orain gutxi kasu garbi bat izan dugu. Naturako klasean elikadurari buruz ari zirela ­liseri aparatuaren inguruan-eta­ irakasleak elikadura portaeraren inguruko nahasteei buruzko azalpenak eman zizkien. Sintomak azaldu zituenean, ikasleak berehala konturatu ziren gelako batek arazoak zituela, sintoma horiek denak zituelako. Eta haren gainera bota ziren, laguntzeko asmoz segur aski, baina modu okerrean. Astelehenean klasera joan eta zer moduz zegoen galdetu beharrean asteburuan zer jan zuen galdetzen zioten. Gehiegizkoa zen», agertu zuen ACABEko psikologoak. Horrelako nahaste baten aurrean, eragile bakoitzak bere egitekoa daukala nabarmendu zuen Juldaianek; «irakasleak bere lana egin behar du, ez ohikoak diren jarrerak ahalik eta azkarren sumatu eta horiei irtenbidea emateko bidea abiatu behar du orientatzailearekin. Etxean, gurasoak guraso dira. Amaren kasuan, horixe tokatzen zaio, amaren rola, ez du psikologoaren edo lagunen lanik egin behar, nahiz eta harentzat egoera oso zaila den». Horiek hala, otorduetan janaria eskaintzeko eta gehiegizko presiorik gabe jarduteko aholkatzen die gurasoei. «Kontuan izan behar dute anorexia edo bulimia duen gaixoa otordua baino ordubete lehenago horretan pentsatzen jarrita dagoela, ez jateko zer egin pentsatzen ari dela. Bero iristen da, beraz, otordura. Eta une horretan gehiegizko presioa jasotzen badu, bada, haren erantzuna bortitza izan daiteke. Agian jango du, baina ez jan nahi duelako, amak bakean uzteko baizik. Eta berehala bilatuko du jandakoa botatzeko modua».

Edonola ere, elikadura portaeran desorekaren bat dagoenean lehen pausoa gaixoak berak arazoa onartzea da, eta horretan egin behar da ahalegina. Ondoren etorriko da sendagilearenganako pausoa. Normalean familia mediku batengana joaten da lehendabizi, eta hura psikologo batengana ­psikiatra beharrezkoa izanez gero­ . Hark dietista batengana bidaltzen du gaixoa, tratamendua bi norabidetan has dezan.

Egungo panorama

Egungo panoramaz galdetuta, ACABEko psikologoaren erantzuna ez da samurra: «Gero eta kasu gehiago agertzen ari dira batez besteko adinetik kanpora. Berez 22-23 urtetan jarria dago batez bestekoa, baina gero eta gehiago dira 9-10 urteko haurrak eta emakume helduagoak, menopausia garaian daudenak». Horren zergatiaz galdetuta, erantzuna ez da erraza inondik inora.

Haurren kasuan, gurasoen elikadurarako ohitura txarrak ikustean egon daiteke gakoa. «Etxean normaltzat jotzen dute gauero gurasoek fruta soilik jatea afaltzeko, osasuntsua omen delako», agertu zuen Juldaianek. Helduagoak diren emakumeen kasuan ­oraindik nahaste horiek gehienbat emakumeetan izaten direlako­ menopausiak berekin dakarren gorputzaren aldaketa eta hormonen nahastea izan daiteke arazoaren iturria. -

DONOSTIA


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Amplia denuncia ante la muerte de la vecina de Basauri Loredana Andriescu
Euskal Herria
«La resolución del conflicto vasco se ha convertido en cuestión europea»
Kirolak
Italia se reservó lo mejor para los últimos minutos
Euskal Herria
Isidro Garalde, hospitalizado en Granada por un infarto
Kultura
Anjel Alkain eta Asier Hormazaren Tourra
Mundua
El Parlamento Europeo condena el franquismo con el silencio del PP español
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss