Inguru hurbilera dakartza Artiumek zortzi artista euskaldun gazteren lanak
«Inguru hurbilak 2006» erakusketa bigarrenez antolatu du Artium museoak irailaren 17ra bitarte. Bi urtean behin eginiko programa horrek Gasteizko testuinguru artistikoa indartzea du xede. Erakusketa Artium osatzen ari den artista gazteen curriculum eta ibilbideen datu-baseko aukeraketaren emaitza izan da. Ehun lagunen artean zortzi euskal artisten lanak hautatu dituzte: Miriam Isasi, Ana Lezeta, Iratxe Jaio eta Klass van Gorkum bikote artistikoa, Karmelo Bermejo, Javier Soto, Zigor Baraiazarra eta Fermin Jimenez. Artista bakoitzak lan bana du erakusgai Artium museoko Ipar Aretoan.
GASTEIZ
Artium museoak euskal artista gazteen sorkuntza lanetara hurbiltzea helburu izanik, bigarrenez antolatu du “Inguru hurbilak” talde erakusketa. David G.Torres Bartzelonako Centre d’Art Santa Monica museoko laguntzailea eta Enrique Martinez Goikoetxea Artiumeko Aldi baterako Erakusketen kontserbatzailea izan dira, ehun bat artisten curriculumak aztertu ondoren, hautaturiko bederatzi gazteen lanak hartuta komisa- rio lanetan aritu direnak. Oso pozik agertu ziren atzo komisarioak erakusketaren emaitzarekin. «Erakusketa on bat ez du komisarioak egiten, baizik eta artistek berek», nabarmendu zuen G.Torresek. Era guztietako formatu, euskarri eta kontzeptuak dira bertan ikusgai, hala nola, pinturak, argazkiak, zeramikak, marrazkiak, bideoak eta instalazioak. «Umorea eta hausnarketa soziala ez dira falta arte-sorkuntza hauetan aitortu zuen G.Torresek. Lanak oso ezberdinak dira euren artean, baina izenburu orokor bat jarri beharko banieke, “Aurrerantzeko ihesaldia” jarriko nieke». Erakusketako lehen lanak Hector Orruñoren pinturak dira. Etorkizuneko kutsua duen instalazioa aurkezten du arabarrak. Ondoren, Karmelo Bermejoren argazkietan eguneroko bizitzako kultur gertaerak, gizarte arketipoak edota portaerak islatzen dira. Ana Lezetaren lanak bideoa kaleidoskopioa balitz bezala aurkezten du. Miriam Isasirenak, ordea, zeramikaz, marrazkiak, pinturak eta argazki puskak bateratzen ditu.
Ikuslea parte-hartzaile
Javi Sotok pintura du adierazpide nagusitzat eta Fermin Jimenezek, berriz, hainbat diziplinatan oinarrituriko proposamena dakar. Hala nola, zenbait izen ospetsuen pisua gaingabeturiko esne kutxetan (Gleen Medeirosena) edota adreiluetan (Lucia Etxebarria) neurtzen du. Zigor Baraiazarrak eduki poetikoz sorturiko hiri-altzariak ekoitzi ditu, mahai-zuhaitza, esate baterako. Iratxe Jaio eta Klass van Gorkum bikotearen lanak ixten du erakusketa. Chroma key telebistako teknikaren bitartez gazteek egongela urdin bat islatzen duen instalazioa ekoitzi dute, “Meanwhile, in the Living Room” izena duena. «Kanpotik ikus daitekeen gela urdina da, baina sartuz gero, proiektuaren barruan zaude. Ikuslea parte-hartzaile da azaldu zuen Jaiok. Gizartearen erretratutzat edota irudi esperimentaltzat, baita ispilu distortsionatutzat ere jo daitekeen egitasmoa da hau».
|