Nilda Susana GORVEIN | CIM Bitartekaritza Zentro Interdiziplinarreko kidea
«Eskoletan protokoloak finkatu behar dira dibortzio prozesuetarako»
Dibortziatutako bikotearen seme-alaben notak nori bidali, bileretara nor deitu, arazoren bat dagoenean nora jo, haurra nork jaso behar duen kontrolatu... egunero irakasleek bizi dituzten egoerak dira horiek denak eta maiz ez dakite nola aurre egin. Egun ikasleen erdia inguru dibortziatutako bikote baten seme-alaba diren klaseak topa daitezke. Hartara, gaiari serio eusteko garaia da eta hori egin dute Hik Hasiken Udako Topaketetan.
Dibortzioa familiarteko kontu bat da, baina, askotan,
beste esparru batzuetaraino ere iristen da, eskolara kasu. Irakasleak zer egin
ez dakitela ibiltzen dira maiz, gurasoen arteko ika-mika horien testigu izatea
ere tokatzen baitzaie. Egin behar dutenari buruzko arrastoak ematen saiatu dira
egunotan Nilda Gorvein eta haren lankideak Hik Hasik Donostian antolatutako
Udako Topaketetan.
Dibortziatzea erabaki duen bikote batek eman beharreko lehen pausoa zein da?
Dudarik gabe seme-alabei esatea. Egia esan behar zaie beti, baina daukaten adinaren arabera azalpena modu batekoa edo bestekoa izango da. Adin txikikoei ulertu ezin duten azalpenik ematea ez da komeni, baina nerabeekin argiago hitz egin daiteke. Hala ere, gurasoek jakin behar dute seme-alabak ez direla tuntunak eta dibortziatzea erabaki dutenerako badakitela zerbait gertatzen dela. Ez alferrik, dibortzio baten aurretik datorren prozesu horren guztiaren testigu dira seme-alabak.
Dibortzioak zer nolako eragina dauka seme-alabengan?
Kasuan-kasuan desberdina da, baina egia da banandutako gurasoen seme-alabei asko kostatzen zaiela egoera itzulezina dela onartzea. Beti egiten dute amets aita eta ama elkarrekin bueltatuko direla. Hala ere, askotan dibortzioak oso modu txarrean egiten dira eta aurretik indarkeria egoera latzak jasan dituzte seme-alabek. Askorentzat dibortzioa atsedena da, aurretik bizi duten gatazka egoera amaitzen delako. Baina dibortzio bat beti da galera bat.
Eta eskolan nola alda daiteke dibortzioa pasatu duen ikaslearen jarrera?
Hori ere haurraren izaeraren eta adinaren araberakoa da; normalean neskek nahiago dute gaiaz hitz egitea eta mutilek, aldiz, jarrera bortitzagoak izaten dituzte barruan daukatena askatzeko. Normalean, dibortzio prozesu bat pasatu duten ikasleei asko kostatzen zaie klasea adi jarraitzea, kontzentratzeko arazoak dituzte...
Nola eragiten dio egoera horrek irakaslearen eguneroko lanari?
Gela barruan ikasle horrek jokaera desberdina edukitzeak ez dio bestelako lanik ekartzen, hari laguntzeko modua asmatu beharra dauka eta hori bere lanaren parte da. Baina ikasgelatik kanpo, gurasoekin, izan ditzake arazoak. Esaterako, notak nori bidali jakin behar du, bilerak bi gurasoekin batera edo banaka egin erabaki behar du, haurra norekin bizi den jakin behar du... horrelako kontuak irakasleak jakin egin behar ditu eta askotan ez daki gurasoak banatuta daudenik ere. Beharrezkoa da protokoloak ezartzea horrelako kasuetarako, ikastetxean nola jokatu finkatu behar da, egoera kontrolpean izateko eta familiarteko arazoa dena ez dadin bihurtu irakaslearen arazo. Hemen topaketetan kasu zehatzak jarri dituzte mahai gainean eta gertatu izan da irakasleak gurasoen artean bitartekaritza lana egin beharra, ikastetxean elkartzen ziren bakoitzean eztabaidan hasten zirelako.
Lakuak badu halako protokolo moduko bat.
Bai, baina ez da batere zehatza. Oso teknikoa da eta ez da aplikatzen egunerokoan, gaia bera apenas landu delako eskoletan. Gaia serio hartu behar da.
Azken urteotan dibortzioak ugaritu egin al dira? Baietz esango nuke. Nire ustez, bikotean gero
eta tolerantzia gutxiago dago. Bakoitzak bere proiektu indibiduala dauka eta ez
dago proiektu komunik. Horregatik, gero eta gutxiago jasaten dute elkar eta gero
eta errazago banatzen dira. -
|