«Arartekoak oihartzun zabalagoa behar du»
Giza arloetako erakundeek Arartekoaren gainean duten iritzia aztertu dute EHUko Uda Ikastaroetan, eta, haren funtzioa baliagarritzat jotzen badute ere, egiten dituen gomendioak egikaritzean hutsuneak daudela uste dute. Herriaren defendatzaileen sarea osatzea ere proposatu dute.
Arartekoak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Herriaren Defendatzaileak betetzen duen funtzio sozialaren gaineko gogoeta zabala egin zuten gizarte arloetan dabiltzan lau erakundetako ordezkariek. Donostiako Miramar jauregian bildurik, egun Iñigo Lamarkak betetzen duen karguak funtzio sozial garrantzitsua betetzen duela uste dute, baina gogora ekarri zuten Arartekoaren eginkizuna gizarteko sektoreen kexei erantzuna eman eta gomendioak ematera mugatzen dela. Erakundeetako kideek Arartekoaren funtzioen gaineko ezjakintasuna ere nabarmendu zuten. HIESaren Aurkako Arabako Komisioko presidente Miguel Angel Ruizek eta Munduko Medikuak eta Harresiak Apurtuko kide Celina Peredak aitortu zutenez, Arartekoarekin elkarlanean jardun badira ere, EHUko ikastaroetan parte hartzeko deia jaso zutenean Internetera jo behar izan zuten instituzioaren eginkizunen berri izateko. Aipatu egoera gizarte osora hedatzen dela nabarmendu zuten: «Herritarrentzat urrunekoa eta ezezaguna izaten jarraitzen du Arartekoak, eta askok politikarekin lotzen dute herritarrekin baino gehiago». Hala ere, betetzen duen funtzioa ezinbestekotzat jo
zuten jardunaldian parte hartu zuten erakundeek: «Arartekoa baita herritarron
ahotsa eta nahia instituzioetara iristeko bidea».
Eraginkortasuna kolokan
Ruizek urteak daramatza HIESa duten pertsonen, espetxean daudenen zein drogazaletasunaren pean bizi direnen eskubide sozialak aldarrikatzen, eta, haren hitzetan, maiz ez dira herritartzat hartuak izaten: «Banketxeetara kreditu eske edota atzerrira oporretara joaten direnean euren egoera ezkutatu beharra izaten dute, bazterketa pairatzen jarraitzen dutelako. Gauzak apurka aldatzen badoaz ere, asko dago egiteko», ziurtatu zuen.Arartekoak urtero kaleratzen duen txostena aipatu errealitatearen isla dela nabarmendu eta, idazkia Gasteizko Parlamentura iristea garrantzitsua dela esan bazuen ere, izan dezakeen eraginkortasuna zalantzan jarri zuen: «Gomendioak dira Arartekoaren lanabesak, eta talde parlamentarioek horiek aintzat hartzeaz gain landu egin beharko lituzkete. Are gehiago, aholku horiek garatzera behartuak egon beharko luketela uste dut», esan zuen.
Herri defendatzaileen sarea
Gizarteak ez bezala, erakundeek Arartekoa gertukotzat daukatela azaldu zuen Peredak, eta euren aldarrikapenak jasotzeaz gain zabaldu egiten dituela txalotu zuen. Hala ere, hainbat herrialdetan oinarrizko giza eskubide berberen urraketa izaten dela ziurtatu zuen, eta, hartara, herriaren defendatzaileen nazioarteko sare bat sortzea defendatu zuen: «Migrazioak, sexu turismoa, drogazaletasuna eta adingabeen eskubideen urratzeak gure mugetatik kanpo zein barne izaten dira, eta, beraz, erantzun bateratua eman behar zaie», eman zuen aditzera.AVIFESeko (gaixo psikikoen eta senitartekoen Bizkaiko erakundea) Begoña Ariñoren iritziz, Arartekoa gainerako instituzioak gizarteko arazoen gainean sentsibilizatzeko tresna baliagarria da, eta gaixo psikikoen alorrean egin diren urrats nagusiak horrek bultzatutako ikerketen bidetik etorri direla azaldu zuen: «Haren txostenek eragin handia izan ohi dute Parlamentuan, eta, beraz, gure kexak hara bideratzeak berebiziko garrantzia du». Ingurumenean aditua den Antxon Olabek, bere aldetik, etorkizunean jarri zuen begirada. Haren iritziz, Arartekoak egungo gizartearen eskubideak babesteko funtzioa du, baina ez atzetik datozenena: «Nork babesten ditu gure ondorengoen eskubideak? Uste dut Arartekoak aintzat hartzeko moduko galdera dela,ingurumena ez zaintzearekin horien eskubideak urratzen ari baikara». -
|