Euskararen alde bildutako sinadurak igorri dizkiote EEPri
BAIONA
«Bai eskolak euskalduntzeari» sinadura bilketa kanpainaren karietara bilduriko atxikimenduak helarazi zizkioten atzo ekimenaren bultzatzaileek Euskararen Erakunde Publikoari. Orotara, Euskal Herri osoan 107.768 izenpe bildu zituztela nabarmendu zuten, eta, aurretik Lakuako eta Nafarroako gobernuekin egin bezala, atzo herritarrek egindako eskaerari behar den erantzuna eman diezaion eskatu zioten EEP egiturari.
«Mezu argia» luzatu nahi izan zioten egiturari, baita izenpe horiek herri borondatea ordezkatzen zutela adierazi ere. «Eskola guztietan euskara normaltasunez irakasteko eta eskolatik ateratzen diren gazteek euskara menderatzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatzen diogu», argitu zuten. Erakundeen engaiamenduen berri izateko bilkurak egiteko eskatuko dute larrazkenean.
|