GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-06
Xabier ESKUBI | Iruñeko Udaleko Aralar alderdiko zinegotzia
«Riau-Riaua berriz ere ezartzeko memento aproposa izan daiteke»
Sanferminei hasiera emango dien suziria pizteko ardura norena izango zen luzaz eztabaidatu ondotik, azkenean, alkateak Aralarri dagokion txanda errespetatzea erabaki zuen. Alderdiak Xabier Eskubiren esku utzi du ohorea, halakoetan esperientzia nahikoa duen gizona dena, berak bota baitzuen iaz horren sonatu egin zen Leitzako txupinazoa.

Oso pozik dago Xabier Eskubi txupinazoa bota behar duelako. Egin dituen proposamenak alde batera utzita, Iruñeko suziria piztuko duen laugarren talde abertzalea izango direla ospatu du Iruñeko zinegotziak.

­Zer suposatzen du Iruñeko sanferminetako txupinazoa botatzeak, egon den eztabaida luzearen ondoren?

Nire ustez, alderdi guztiarentzat eta pertsonalki niretzat ere bai, oso garrantzitsua da. Zer sortu den aurten? Oso eztabaida handia apiriletik hasita. Barcinak esan zuen guk ez genuela halako aukerarik, eta ondoren etorri dira erreklamazio batzuk, eskutitzak, etab. Azkenean, berak erabaki zuen Aralarrek botatzea. Gero, ez dakit zer beste zurrumurru eta kontu atera dira txupinazoan esan behar dugunari buruz. Ez dugu ezer berririk esan behar, bada. Txupinazoa Iruñea guztiarentzat da. Sanferminetako festak dira eta sanferminetako festak aipatuko ditugu, dudarik gabe gainera; euskaraz eta gaztelaniaz aterako dira; eta kito! Gu oso pozik gaude dagoeneko txupinazoa botatzen dugun laugarren abertzaleak izango garelako, eta urte asko direlako abertzale batek azkenengoz txupinazoa bota zuela.

­Udaletxetik nola ikusten da sanferminen urtez urteko garapena? Ezer falta al da?

Hori betiko kontua da. Gu hemen gaudenez geroztik, UPNk eta CDNk gehiengoa dute eta beren sanferminetako programa egiten dute. Guk ez genuke halakorik egingo, noski. Gu edo Nafarroa Bai iristen garenean, segur aski urte guztirako San Fermin batzorde bat egingo dugu, irekia, eta han erabakitzen dena antolatuko da.

­Noren esku dago Riau-Riaua berriz ezartzea?

Riau-Riaua, guk orain dela bi urte eskatu genuen, proba bat egiteko behinik behin. Aurten ere eskatu dugu, eta aurten, gainera, nik uste gauzak argiago ikusten direla; badirudi bake prozesu hori aurrera doala, eta agian izan daiteke probatzeko unea. Baina UPNk eta CDNk dagoeneko esan dute ezetz. Pentsionistek atera egin behar dute, eta hori ongi dago, sanferminetan nahi duena atera daitekeelako bere musika eta gauzekin. Baina Riau-Riaua ez da hori; Riau-Riaurako behar-beharrezkoa da Udal osoa. Lortzeko bidean gauden? Ea egia den.

­Nori eskaini behar diozu txupinazoa?

Beti esan dut suziria denona dela; nagusiak Iruñeko guztiak dira. Baina egia da beti izaten dugula bertakoagoa den jendea. Eskaini nahi nioke, lehendabizi, auzokideei, auzoetan eta auzo elkarteetan dauden guztiei. Horiek ere botatzen dituzte beren auzoetako suziriak, eta benetan zailak izaten dira Udalak jartzen dizkien trabengatik. Horregatik eskaintzen diogu lehendabizi haiei. Gainera, suziri hau guztiena batean bilduta izatea nahi genuke.

Gero, beste jende askori ere bai: haur eskoletan lekurik gabe gelditu direnei, udaletxe honetan ahotsik gabe daudenei; batzuk politikoak, beste batzuk memoria historikoaren inguruan dabiltzanak; eta bestalde, zaharrak, ezinduak eta tratu txarrak jasandako emakumeak. Oso garrantzitsua izango litzateke, bakearen txupinazoa izan dadila aurtengoa.

­Gaur balkoira irteterakoan, gogoan izango al duzu iaz Leitzan gertatua?

Bai, bai, izango dut, baina hemen oso zaila da halako gauzak gertatzea, hura istripua izan baitzen. Lehendabiziko suziria zuzen atera zen Leitzan, baina bigarrenean, almiranteak suziriak eskuan zituela, argazkilari batek, pasatzerakoan, gurutzatu egin zizkion. Hemen oso zaila da hori gertatzea, suziriak benetan handiak direlako eta babestuta daudelako ez dakit zenbat zigilurekin... -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Otegi define la reunión de hoy en Donostia entre PSE y Batasuna como «foto de futuro»
Mundua
Los ensayos de misiles norcoreanos ponen en pie de guerra a las potencias
Jendartea
El Observatorio de Igeldo activa un completo plan de alerta de galernas
Kirolak
Osasuna sorprende con el fichaje de Javad Nekounam y confirma el de Font
Kirolak
Zidane exprime la despedida de su carrera hasta la final
Jendartea
Gora San Fermin!
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss