BILBO
«Harenak hitzak dira, eta guk euskal herritarren borondatearekiko begirunezko jardun politiko efektiboa exijitzen dugu, ekintzak, alegia. Ezaba ditzala behingoan egoera ez demokratikoaren salbuespenezko neurriak, eta berma ditzala hitza eta erabakia askatasunez gauzatu ahal izatea».Askatasunak mezu argi horrekin erantzun nahi izan dio Gobernu espainoleko agintari Jose Luis Rodrigez Zapaterori, aurreko astean hark helarazi erakunde adierazpenaren harira. Atzo agerraldia egin zuten errepresioaren aurkako taldekide Julen Larrinagak, Oihana Agirrek eta Joxean Agirrek. Azken horrek aipatu zuenez, Zapaterok orain astebete egin adierazpena «oso garrantzitsua» da termino politikoetan.
«Garrantzitsutzat baloratzen dugu euskal herritarren borondatea eta erabakitze eskubidea errespetatzeko erakutsitako asmoa», esan, eta zera gaineratu zuen: «Nahiko genuke, hala ere, borondate erakustaldi hutsetik harago joan izana. Borondatea agertu arren, hark esandakoa ez dator bat bizi dugun balantze errepresiboaren errealitatearekin». Hori hala, Agirrek hiru u-rrats eskatu zizkion gobernuburu espainolari lehen aipatu xedea lortze bidean: «Espetxe politika aldatu eta euskal preso politikoen eskubide guztiak errespetatzea, errepresioa errotik eta berehala indargabetu dezala, eta antolakunde politiko eta sozialen aurkako jazarpena eta epaiketa politikoa bertan behera utz ditzala».
Bestetik, Nicolas Sarkozy Barne ministro frantsesari zera helarazi zion: «Hark sinetsarazi nahi digunaren kontra, gatazka ez dela Espainiaren arazoa e-san behar zaio. Frantzia agente aktiboa izan da urte luzeetan; errepresio klabeetan eragin du beti bai Gobernu espainolarekin elkarlanean, baina baita bere interes propioetatik sektore abertzaleak jazarriz ere. Hipokresia alboratu behar dute».
Izan ere, aurreko asteotako atxiloketak eta presoen alde Baionan egindako manifestazioa zapuztu nahian muga itxi izanak, Askatasunaren ustez, «ezin argiago frogatzen baitute bere inplikazio zuzena». «Ostrukarena egiten, bere ardurak miserableki ezkutatuz, ez dute inor engainatzen. Are gehiago, esango genuke barregarri geratzen direla konponbide demokratikoa sustatu nahi duten gainerako eragileen begietara».
Taldeak Estatu frantsesaren inplikazio zuzena eta aktiboa nahi du: «Baina euskal herritarren borondatea eta gure eskubide demokratikoekiko errespetu klabean». Eta hori da Chirac, Villepin edo Sarkozyren zeregina, haren ustez. «Euskal Herria ez baitute asimilatu eta are gutxiago engainatu, bere erantzukizunari bizkar emanez», nabarmendu zuten.
Bi elementu «kezkagarri»
Prentsaurrekoaren mami nagusia martxoaz geroztik Euskal Herrian jazotako neurri errepresiboen gaineko irakurketa plazaratzea izan zen. Hainbat datu eskaini zituzten arlo horretan, eta Julen Larrinagak ondorioztatu zuen bezala, uneotan oraindik ere bizi den «egoera ez demokratikoa» duela 5 edo 15 urtekoaren parekoa da.
Espetxeetan bizi den errealitateaz gain, «oso kezkagarriak diren» elementu bi mahai gaineratu zituen: «Salbuespenezko tribunalen ekinbide errepresiboa eta militarizazio egoera».Horixe salatu zuen Larrinagak, Auzitegi Nazionala «euskal bizitza politikoaren erdian bete-betean» agertzen dela. «Tribunal berezi honek Euskal Herriak duen esku hartze gaitasu- na mugatzen du; behin eta berriz euskal bizitza politikoa baldintzatzen du».
Euskal gizarteak errefusatu duen 18/98 auziari eusteko «jarrera tematia», zein debeku eta zitazioen bidez jardunbide politiko publikoaren jazarpena egitea egotzi zion Auzitegiari. Gainera, euskal presoei egitez biziarteko kartzela zigorrak ezartzea eta «torturari ematen dion abala» ere nabarmendu zituen. «Tortura testuinguru batean egin deklarazio polizialei froga izaera ematen baitzaie, horrek dakarrenarekin».
Nolanahi ere, Auzitegi Nazionalaren elementurik kezkagarriena hauxe da, beren ustez: «Bere funtzio politikoa arma errepresibo bezala; Estatu espainolaren inposizio markoa gainditu nahi duen sektore ororen aurka zuzendua, eta, beraz, gatazkaren behin betiko konponbide politiko eta demokratikoa bilatzen duen edozein prozesuren aurka ere zuzentzen dena».
Militarizazio egoeraz, ostera, ekinbide eta presentzia polizialaren egoera kontuan hartuta itaun zehatzak pla-zaratu zituen eledunak: «Zergatik eta zertarako horrenbeste guardia zibil eta polizia nazional euskal errepide eta kaleetan? Zergatik orain? Prest al dago Guardia Zibila euskal herritarron hitza eta erabakia errespetatzeko?».
«Estatu eredu bati indarrez eusteko bide errepresiboari ekinez bitarteko polizial eta judiziala erabili behar izatea inposizio egoera eta jardunbide ez demokratikoaren froga argitzat» jo zituen Larrinagak.
Auzitegi berezien eta militarizazioaren harira Askatasunak uda baliatu nahi du euskal eragile sozialekin akordio politikoa lantzeko. «Udatik bueltan bi errealitate errepresibo horiek desaktibatzeari begira ekimen politiko determinatzaileak mahai gainean jartzeko».