GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-07-06
Akusazioaren tesia auzitan jarri dute lekuko gehiagok
Bai Euskal Herriari ekimenean eta Autodeterminaziorako Biltzarrak taldean aritutako lekukoek ukatu egin zuten Joxemi Zumalabe Fundazioak inoiz beren egitasmoak erabaki eta zuzendu dituenik, eta, fiskalaren tesiei erantzunez, ezeztatu zuten ETAren «desobedientzia estrategiaren tresnak» direnik.

MADRIL

Euskal Herrian lan egin duten eta lan egiten duten gizarte eragile gutxi egongo da 18/98 sumarioko akusazioak ETArekin lotzen ez dituenik. Talde askoren izen eta siglak entzun dira azken hilabeteetan Auzitegi Nazional espainolean, fiskalak bere idatzian sartu dituelako, eta atzo Autodeterminaziorako Biltzarrak (ABK) eta Bai Euskal Herriari ekimena izan zituzten hizpide lekukoek, abokatuek eta fiskalak berak.

Izan ere, polizia-txostenak oinarri hartuta, Enrique Molinak uste du ABK eta Bai Euskal Herriari, Joxemi Zumalabe Fundazioaren gidadaritzapean, «ETAren desobediantzia zibilaren aldeko estrategia bultzatzeko tresnak» direla, eta, zehazki, erakunde armatuaren aginduz nortasun agiri espainolaren «agiri alternatibo bat» bultzatzea egozten die.

Luix Barinagarrementeria abokatu eta Bai Euskal Herriari ekimenaren sustatzaileak, eta Patxi Azparren ABK-ko kideak, aldiz, akusazio hori ukatu zuten eta gezurtzat jo zuten fiskalaren tesia. Biak egon dira auzi honegatik prozesatuak ­Polizia espainolak atxilotu zituen, Baltasar Garzonen aginduz­, nahiz eta azkenean sumariotik at utzi zituzten.

Mugimendu antimilitaristan urte asko eman ditu Azparrenek, eta duela hamar urte, esparru horretan aritzen zen Amaiur taldeko kide zen. Abertzaleok eta Euskaria taldeekin batera, ABK sortu zuten garai hartan, eta urte hauetan guztietan autodeterminazioaren eta euskal naziotasunaren aldeko kanpainak egin dituzte.

Besteren artean, nortasun agiri espainolari uko egin eta agiri horiek Nazio Batuei igortzearen aldeko kanpaina bultzatu zuten, eta sinadura bilketa jendetsua egin zuten 2000. urtean Udalbiltzari eskatzeko euskal agiri bat bidera zezala.

Urte horretan, hainbat talde politikok Aberri Egunean antolatutako ekitaldietan mahaiak jarri zituzten sinadurak biltzeko, eta orotara 12.000 jaso zituzten. Azparrenek ukatu zuen ekimen hori ETAk aginduta egin zutenik, eta ABK-ko kideak «esparru abertzale osoko lagunak» direla azaldu zuen.

Ildo horretan, ukatu zuen, Polizia espainolak dioen bezala, Amaiur, Abertzaleok eta Euskaria «ENAMek kontrolatutako taldeak» zirenik.

Barinagarrementeria 2000. urteko urriaren 4an atxilotu zuten, goizaldean, Mario Vargas Llosaren “La fiesta del chivo” irakurtzen ari zela. «Ekineko arduradun» izatea eta, Bai Euskal Herriari ekimeneko kide legez, «ETAren desobedientzia estrategia bultzatzea» leporatu zioten. Garzonen aurrean, Ekineko kide zela ukatu zuen ­hainbat lagunen atxiloketa salatzeko prentsaurreko batean egotea- gatik akusatu zuten­ eta Bai EHri zer zen azaldu zion epaileari, atzo egin zuen bezala.

Euskal Herriaren eskubide zibil, politiko eta kulturalak aldarrikatu eta gauzatzeko sortutako herri ekimena zela nabarmendu zuen abokatuak, eta bide horretan Euskal Herriko Naziotasun Aitormena (EHNA) bultzatu zutela adierazi zuen.

Gogora ekarri zuen ideia horrek «oso arrakasta handia» izan zuela euskal gizartean, eta azaldu zuen hainbat alderdi eta esparrutako lagun ezagun askok beren burua eskaini zutela kanpainan parte hartzeko; karteletan agertu eta mahaietan sinadurak bildu zituzten.

Ramon Labaien izan zen kanpaina hartan parte hartu zuenetako bat. Donostiako alkate ohi eta Lakuako Gobernuko Kultura sailburu eta eledun ohiak epaileei azaldu zien ekimen horrek ez zuela «inolako zerikusirik» ETArekin. «Haserre jartzen nau ETAri egoztea ekimen bat nik ziur dakidanean ez dela horrela», gaineratu zuen.

Hiru lekuko horien aurretik, Iñaki Ruiz de Pinedo Herri Batasuneko zinegotzi eta parlamentari ohiak hartu zuen hitza epaiketa aretoan.

«Ideien laborategia»

Mikel Zuluaga bezala, Santi Brouard kolektiboko kidea da mahaikide ohia, eta azaldu zuen Piztu dokumentua egiten lagundu ziotela auzipetuari, bai berak ­bere aportazioak zehaztu zituen idazkia aurrean zuela­ baita beste kideek ere.

Estatu espainolaren polizia-aparatuek hildako buruzagi abertzalearen izena duen elkartea «ideien laborategi« bezala definitu zuen, eta azaldu zuen Piztu, beste hainbat idazki bezala, hausnarketa bultzatzeko asmoz egin eta hedatu zutela lagun askoren artean.

Joseba Goñi Herria 2000 Elizako koordinatzailea izan zen azken lekukoa, eta azaldu zuen nola aldizkari horretan desobedientzia zibila jorratu zuten, beren kabuz, 2000. urtean.



Documentos de un aval de 6.000 euros «desaparecen»
Cuando a Patxi Azparren le impusieron una fianza de 6.000 euros para evitar la prisión, un amigo se los prestó, y luego consiguió que ese dinero tuviera carácter de aval. Sin embargo, según dio a conocer a la Sala, la documentación sobre ese aval «ha desaparecido», y seis años después de su detención, y cuando ya ha sido apartado del proceso, ese amigo no ha podido recuperar ese dinero. «Pase luego por secretaría a ver si...», acertó a decirle la presidenta del tribunal, Angela Murillo, cuando el testigo les puso en conocimiento de estos hechos. -



Babesa jasotzen jarraitzen dute auzipetuek

MADRIL

Euskal Herritik heldutako taldeen eta lagunen elkartasuna jasotzen jarraitzen dute auzipetuek, eta atzo EILAS sindikatuko Idazkaritza Nazionaleko eta Unibertsitateko hamabost bat ordezkariren, eta Desobedientzialariak taldeko hainbat kideren babesa izan zuten Madrilgo Casa de Campon.

Sindikatuaren izenean, Belen Arrondok desadostasuna agertu zuen «epaiketa kafkiano honen aurrean». «Aspalditik ari gara esaten, eta orain inoiz baino gehiago, epaiketa honek ez zuela inoiz hasi behar», adierazi zuen ordezkari sindikalak, eta gogoratu zuen auzipetuen artean «ezagun eta lagun asko» dituztela; «horien artean, Mario Zubiaga gure kidea».

Arrondok nabarmendu zuen lagun horien guztien lana «ezaguna» dela Euskal Herrian, eta, ildo horretan, elkartasuna helarazi zien denei.

Haren iritziz, epaiketa hori, «epaiketa politikoa» da, «ideien kontra» doana, eta helburu argi bat duena: «Euskal Herrian mugitzen diren burujabetzaren aldeko mugimenduak eta iritzi kritikoak deuseztea». Horregatik, beharrezko jo zuen epaiketa salatzea.

Une politikoa ere hizpide izan zuen Arrondok, eta zera adierazi zuen: «Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko prozesu bat irekitzen ari dela ematen duen honetan, epaiketa hau beste oztopo bat da». Hori horrela, epai- keta bertan behera geratzeko galdegin zuen: «Gure herriak behar duen prozesuak behar bezala aurrera egin dezan ekarpen bat litzatekeelako».

Desobedientzialariak taldearen aldetik, defentsaren lekuko Patxi Azparrenek elkartasuna agertu zien auzipetuei. «Zuzenean ezagutzen dugulako pertsona hauek errugabeak direla eta hau asmakizun hutsa dela». Horregatik, hark ere eskatu zuen epaiketa guztiak eteteko.

Epaiketaren atse-denaldian, guztiek elkarretaratze batean parte hartu zuten.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Otegi define la reunión de hoy en Donostia entre PSE y Batasuna como «foto de futuro»
Mundua
Los ensayos de misiles norcoreanos ponen en pie de guerra a las potencias
Jendartea
El Observatorio de Igeldo activa un completo plan de alerta de galernas
Kirolak
Osasuna sorprende con el fichaje de Javad Nekounam y confirma el de Font
Kirolak
Zidane exprime la despedida de su carrera hasta la final
Jendartea
Gora San Fermin!
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss