Maitia ez da Asanblea Nazionalerako hautagai izango
DONIBANE GARAZI
Ahalegin guztiak egin dituen arren, Frantxua Maitia ez da Pirinio Atlantikoetako laugarren barrutiko hautagai sozialista izango datorren urtean Asanblea Nazionalerako egingo dituzten hauteskundeetan. Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko zatiak hartzen dituen barrutian Jean-Pierre Domecq Olorouko kontseilari nagusiak 73 kideren babesa jaso zuen eta Maitiak 69 eskuratu zituen ekainaren 14ko barne hauteskundeetan. Garaziko hautetsiak ez zituen ontzat eman emaitzok, alderdian «denbora aski» ez zeramaten hamazazpi kidek parte hartu zutelako. Liskarren batzordera jo zuen eta orain hark erabaki du hautaketa era egokian egin zela. Domecq izango da, beraz, PSren hautagai ofiziala.
Maitiarentzat, ordea, desengainu handia izan da eta Henri Emmanuelli Landetako diputatua egin du «manipulazioaren» arduradun:«Fabiuseren aldekoekin batera, ni kanporatu eta Domecq izendatu dute. Euskal Departamendua sortzearen alde nagoelako izan da», esan du.
Domecq, «berritzeko beharra» bazegoela-eta, oso pozik agertu da bere izendatzearekin eta auzia amaitutzat jo du: «Maitiak nahi badu, elkarrekin egingo diogu aurre erronkari». Izan ere, sozialistek ez dute erraza izango, egun diputatu den UDFko Jean Lassallek edota UMPko Herve Lucbereilhk, Olorouko auzapezari egingo baitiote aurre eskuinak indar asko duen barruti honetan.
Ipar Euskal Herriko kostaldeko eta inguruko kantonamenduak hartzen dituzten beste bi barrutietako hautagaiak izendatzerakoan ez da arazo nabarmenik izan. Bosgarrenean Jean Espilondo kontseilari nagusia eta zinegotzi angeluarra, eta seigarrenean Sylviane Alaux Akitaniako kontseilaria eta Ziburuko zinegotzia izango dira PSren hautagaiak.
|