Ertzaintzaren jarrera salatu dute Arrasaten
·Guztien eskubideak errespeta ditzatela exijitu dute Herri Anitzak eta Askatasunak
Ekainaren 23an, Salbearen ospakizunean, Ertzaintzak jarrera «bortitza eta errepresiboa» izan zuela salatu dute Arrasateko Herri Anitza plataformak eta Askatasunak. Adierazpen askatasuna urratzeaz gain, borra-kolpeak eman eta herritarrak mehatxatzen aritu zirela gaitzetsi zuten.
ARRASATE
«Baldintza demokratikoak orain» eta «Dimisioak» eskatuz, hainbat eta hainbat herritarrek kartelak erakutsi zituzten ekainaren 23an Arrasaten Salbearen ospakizunean. Aurrez aurre, ertzainak izan zituzten pilotak jaurtitzeko fusilak eskuetan. Herri Anitza plataformak eta Askatasunak gogor salatu zuten herenegun Ertzaintzak izandako jarrera «errepresibo eta bortitza».
«Borra-kolpeak eta mehatxuak nonahi izan ziren bildutakoen artean, adineko jendea eta haurrak bertan zirela. Une batzuetan, korrikaldiak eragin zituzten. Tratu txar horiek gutxi iritzita nonbait, Ertzaintza modu bortitzean sartu zen Biona tabernara. Kolpe eta mehatxu artean, bertan lasai zegoen jendea bota zuten», azaldu zuten. Horren harira, halako jarrera «atzerakoia» duten agintarien zilegitasun eza nabarmendu zuten.
«Herritarrei beren eskubideak ukatzeaz gain, errepresioaren bide zaharretik jotzen dute interesatzen zaien oro isilarazteko», adierazi zuten. «Egun elkarrizketa garaian gauden arren, batzuek kriminalizazioa, ilegalizazioa eta aurrez aurrekoa nahiago» dutela gaitzetsi zuten.
Haien hitzetan, halako jokabide «autoritarioek» elkarrizketa eta prozesua zapuzten dute. «Ez dute besteei entzuteko asmorik, eta Salbean gertatutakoa horren isla da», ondorioztatu zuten. «Botereaz aprobetxatuz herrian giroa gaiztotu nahi duten agintariez nazkatuta» daudela ohartarazi zuten: «Ez dugu indar errepresiborik nahi».
Era berean, arrasatear guztien eskubideak errespeta daitezela exijitu zuten: «Azken batean, konponbide garaia da eta denok dugu zer esanik».
|