GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-07-09
Laida ZUBILLAGA | LABeko kontserba-sektoreko arduraduna
«Soldata etxeko lagungarria delako ideia kendu behar da kontserba-enpresetan»
Laida Zubillaga LABeko ordezkariak esan duenez, Bizkaiko kontserba-enpresetan ia langile guztiak emakumeak dira eta enpresaburuek uste dute haien soldata etxean laguntzeko besterik ez dela. Egiten ari diren aldarrikapenen oinarrian, hain zuzen, ideia hori desagertzeko ahalegina dago. Horregatik, soldatak duinak izan behar direla nabarmentzen du eta greba mugagabea deitzeko prest daudela esaten du Zubillagak.

Bizkaiko kontserba-enpresetako langileak mobilizazioak gogortzeko eta greba mugagabea egiteko prest daude, hainbat hilabetez lan hitzarmena lortzeko negoziazioetan aurrerapenik izan gabe. Laida Zubillaga LABeko ordezkariak langile gehienak emakumeak direla gogorarazi du eta horrek lan baldintza okerragoak ekartzen dizkiela uste du. Zubillagak langileek soldata baxuak eta behin-behinekotasuna nabarmentzen ditu. Negoziazioetan enpresek lan ordutegia ez murrizteko ezetza izan da, orain arte, oztopo nagusia.

­Joan den astean patronalarekin bilera bat izan zenuten. Aurrerapenik izan zen negoziaketetan?

Hiru asteko mobilizazioak egin ditugu eta egun osoko greba batekin bukatu genituen ekainaren 23an. Egun horretan manifestazio bat egon zen Bilbon, eta han geundela aprobetxatuz Cebekera igo ginen patronalari deialdi bat egitera, mahaian elkartu eta eskaintza on bat ekartzea nahi genuela esanez. Hainbeste denbora mobilizazioetan egon ondoren, emakume hauek hitzarmen duin bat eta mahaira zerbait onargarria ekartzea merezi dute. Joan ginenean ez zuten ezer berririk ekarri mahai gainera. Gure plataforman zerbait mugitzeko prest al geunden galdetu ziguten.

­Zeintzuk dira zuek aurkeztu duzuen plataformaren ardatz nagusiak?

Orain arte eskatzen genuen IPC gehi 3,5 puntu, 25 orduko murrizketa, lizentziak hobetzea, opor kontuak, bajetan hobekuntzak, kategoriak hobetzea eta abar. Eurek IPC gehi 1,5 bakarrik onartzen zuten. Gero, ordutegietan eta ez ziren sartzen. Ordu murrizketak, zero. Asteartean egin genien eskaintza berri horretan IPC gehi 3,3 eta murrizketa 20 ordukoa izatea proposatu genien. Esan zuten euren artean hitz egingo zutela eta ahalik eta denbora motzenean erantzun bat emango zigutela.

­Beraz, enpresaburuek ez zuten ezer eskaini?

Guk espero genuen haiek zerbait ekartzea mahai gainera, baina ez. Eskatu zutena gure plataforman aldaketatxo bat egitea izan zen.

­Noiztik luzatzen dira negoziazio hauek?

Hitzarmen hau 2004tik dago blokeatuta. Negoziaketak hasi zirenetik zenbait mobilizazio egin dira. Hasieran lau eguneko grebak eta orain hiru aste hauetako lanuzteak egon dira. Gehien bat mobilizazioak izan dira denbora horretan, patronalaren aldetik ez bait da negoziaketarik egon. Azken aldiz otsailaren 13an elkartu ginen. Hor aurkeztu genuen plataforma hori:IPC+3,5 eta eurek orduan ekarri zuten bakarra IPC+1,5 izan zen, ezer gehiago gabe, eta, gainera, ultimatum bat eman ziguten, abenduaren 31a baino lehenago ez bagenuen sinatzen ez zela hitzarmenik egongo.

­Sindikatuak batera ari zarete mobilizazioetan?

Lau sindikatuak gaude sartuta, ELA, CCOO, ESK eta LAB. Orain arte elkarlanean aritu gara eta hemendik aurrera ere uste dugu mobilizazioarekin aurrera jarraitu beharra dagoela. Patronalak ez badigu ekartzen, mobilizazioekin jarraitu beharko dugu. Hori sindikatu guztiek ikusten dugu eta uste dut batera jarraituko dugula.

­Beraz, grebak berriro egiteko asmorik baduzue?

Kontserbagile gehienak orain oporretan daude. Zati handi bat 17an berriro hasiko da lanean. Beraz, pentsatu dugu uztailak 17tik aurrera greba mugagabe batekin hastea.

­Baina, azken bileraren ondoren, enpresaburuen eskaintza berri baten zain zaudete.

Greba abisua sartuko dugu Jaurlaritzan baimena eskatzeko, eta patronalak zerbait mugitu duela ikusten badugu, atzera botako dugu, baina nahi duguna da lehen bait lehen esatea eta erantzun bat berehala izatea. Bestela, haien asmoa luzatzea baldin bada, jai dute. Gu behintzat, erantzunik ez badugu 17an, greba mugagabearekin hasiko gara.

­Nolakoa da sektoreak bizi duen egoera?

Kontserba-sektorea oso sektore delikatua, zaila eta gogorra da. Hamabost enpresa inguru eta mila langile inguru daude Bizkaian. Horietatik %90 emakumezkoa da eta lan baldintzak nahiko gogorrak dira. Alde batetik oso soldata baxuak dauzkate eta, bestetik, behin-behinekotasuna oso handia da eta oso zaila da lanpostu finko bat lortzea. Egia esan, lanpostu finkoa ez da existitzen eta lortzen baduzu, kosta egiten da, aldizkako kontratu finkoak izaten dira, urte osoan ez delako lan egiten. ETTen erabilpena ere oso zabalduta dago. Urteko ordutegia oso handia da, 1.728 ordukoa, eta Estatuko hitzarmenean, momentu honetan, 1.722 ordu dira. Hau da, Estatukoaren gainetik daude urteko lanorduak. Bestalde, kategorien kontua oso nahastua dago. Kategoria batetik bestera igotzeko langileek ez dakite zer egin behar den, azkenean enpresaburuen eskuetan dago-eta. Oso zabalduta dago soldata hau etxeko soldataren lagungarri bat dela. Ideia hori kendu egin behar da. Soldata bat da eta soldata horrekin bizi behar da. Lagungarriak inolaz ere ez eta, ondorioz, igo egin behar dira.

­Emakumeak izateagatik jasaten dituzte lan baldintza horiek?

Bai. Guk azpimarratzen duguna da gehiengoa emakumeak izanik, bizi baldintzak oso txarrak direla.Horregatik nahi dugu hitzarmen hau duina izatea, eta baldintza egokiak emakumeen lan baldintzak hobetzeko.

­Zer soldata eramaten du etxera, batez beste, langile batek?

700 euro hilabetean gutxi gora behera, eta 1.728 ordu. Ia enpresa guztietan bete egiten dute. Aldizkako finkoak direnez, ez da normala urteko ordutegia betetzea, baina enpresa gehienetan urteko ordutegi hori bete egiten dute oso-osorik. Eta momentu batzuetan lan karga handia dago. Antxoa orain ez dago egoera onenean, baina atuna denean, aparteko orduak egin behar izaten dituzte.

­Ordu murrizketa da negoziazioan oztopo nagusiena?

Bai, ordu murrizketa zero esaten dute. Zero esaten duten momentutik gu ez gara beste negoziaketetan sartzen, ez gaudelako prest ordu murrizketak zero izateko. Soldatak eta ordu murrizketak ez ezik, antzinatasun kontuak pixka bat hobetzea eta bajak lehenengo egunetik %100 kobratzea bezalako eskaerak daude. Edo senitarteko bat ospitalean dagoenean edo langile batek seme-alaba izaten badu, egun gehiago edukitzea. Azken finean emakumeak dira eta nahi dugu familia kontuak oso kontuan hartzea eta laguntzak edukitzea. -



«Irabaziak dituzte, antxoarena aitzakia da»
Kontserba enpresetako langileak mobilizazioak egiten ari diren bitartean, arrantzaleen sektoreak ere arazoak ditu, batez ere antxoaren harrapaketak oso eskasak direlako. Horrek eragina izan du enpresa hauetan, baina Laida Zubillagaren arabera, ez du oztopatu enpresek irabaziak izatea.

­Europako Batzordeak Bizkaiko Golkoaren antxoa kala abendura arte itxi egingo duela iragarri du, arrain mota honen eskasia dela-eta. Arrantzaleak harrapaketa eskasak lortzen ari dira aurtengo kanpainan. Kontserba-enpresek bizi duten egoeran eragina izan du?

Antxoak duen egoerak badu eragina, baina guk badakigu enpresak oso ondo daudela, eta haiek aitzakia moduan erabiltzen dute antxoaren kanpaina oso txarra izan dela, baina askok kanpoko antxoarekin lan egiten dute. Beste batzuek ez dute antxoarekin lan egiten eta atunarekin lan egiten dute. Antxoarena euren justifikazioa da, gero konturatzen zara ia enpresa guztiek irabaziak dauzkatela eta irabazi onak gainera. Azkenean, haiek erabiltzen duten aitzakia da, baina badakigu ez dela horrela.

­Sektorean ba al da hitzarmen propioa duen enpresarik?

Bermeoko Salica enpresak berez hitzarmen propioa dauka eta hitzarmen berria negoziatzen ari dira, baina hor ere ez dira inongo akordiora iritsi. Oso enpresa handia da, 300 langile dauzka. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kultura
Una de romanos, esta vez en Euskal Herria
Mundua
Ismail Haniyeh propone un alto el fuego que Tel Aviv desprecia desoyendo a la izquierda
Jendartea
Da a luz una mujer británica de 62 años
Kirolak
«Por encima de los nombres está el tipo de club»
Kirolak
Hondarribiak sekulako abileziarekin lortu du Ligako lehen garaipena
Euskal Herria
Batasuna se reúne con todos los partidos excepto con PP, UPN y UMP
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss