Pozez hartu ditu Urkiak Perpinyako kartzelara hurbildutako errenteriarrak
·Hilaren 18an mugara eramango dutela esan du zuzendariak; kanpora ez dezaten, presoak 12 kilo galdu ditu protestan
ERRENTERIA
Perpinyako kartzelara 9.00etarako iritsi ziren Errenteriatik joandako 30 lagunak. Han duten Mikel Urkiari elkartasuna agertu nahi zioten, Parisen ezarri zioten sei urteko zigorra hilaren 18an bete, eta kanporatu eta atxilotzeko arriskua baitu. Polizia ugari egon arren, txistuka, elkartasun oihuak botaz eta alboka jotzen hasi ziren, eta zenbaitek, zuzendariarekin bildu eta gutun bat eman zioten Urkiaren egoera salatuz. Hark, baina, beren ardura ez dela-eta, hilaren 18an mugara eramango dutela esan zien. Horrek atxiloketa eta tortura arriskua dakarrela salatu zuen Askatasunak.
Beste batzuek 40 minutuz bisitatu zuten Urkia, eta jasotako elkartasunarekin «asko emozionatu» ei zen. Ekainaren 18an hasi zuen gose grebaren ondorioz 12 kilo galdu dituela esan zien, «indartsu eta animatua» aurkitu zuten arren.
Kartzela zeharkatzen zeudela harekin leiho baten bitartez komunikatzea lortu zuten errenteriarrek, eta atzealdera ere jo zuten Mikel Albisu eta Marixol Iparragirrerekin komunikatzeko. Urkiak protesta hasi zuenetik patiora txartel bat eramaten dute honen egoera salatzeko.
Bestetik, herenegun ongietorria egin zioten Arantza Martini 100 lagunek Altamiran (Bilbo). Bi urte eta bederatzi hilabete egin ditu preso, eta bermepean askatu zuten ekainaren 23an.
|