ELBk Berua nekazal ustiapen gunea «bidezko salneurrian» saltzeko exijitu dio SAFERri
·Finkatutako salneurria gehiegizkotzat jo eta laborari gazteek ezin dutela Berua erosi salatu du sindikatuak.
AIHERRA
Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB) elkarretaratzea egin zuen atzo Aiherran, nekazaritza ustiapenen salmenta salneurri egokietan egin dadila eta lurren espekulazioa behin betirako eten dezatela exijitzeko.
Sindikatuko kideek azaldu zutenaren arabera, herri horretako Berua gunea orain arte nekazal-ustiategi funtzioa bete duena eta egun hutsik dagoena bidezkoa ez den prezioan saldu nahi du SAFER erakundeak.
ELBtik helarazitako datuen arabera, erakunde horrek 157.617 euroan finkatu du Beruaren salneurria eta, sindikatuaren iritziz, prezio horrek nekazaritzan aritu nahi duten gazteei gunea erosteko bidea ixten diete.
Hartara, bidezko salneurria 90.000 euroan legokeela uste du ELBk eta hortik gorakoak gehiegizkotzat jotzen ditu. Era berean, sindikatuak uste du Beruaren jabe berriek guneak orain arte izan duen izaera mantendu beharko lukeela, hau da, nekazal ustiapena aurrera eramango duenari saldu behar zaiola, eta eskaera horixe luzatu dio SAFERri.
|