- Berezkoen Kanboko Torneoa
Argi gorri guztiak piztu dira Lapurdiko hiriburuan
DUHAU-OLAIZOLA 40
EZKURRA I - LANBERT 39
KANBO
Ez dira damu izango herenegun gauean Kanboko trinketera joan ziren zaleak, sekulako norgehiagoka ikusi ahal izan baitzuten. Azkenean, Duhauk eta Olaizolak lortu zuten Kanboko Torneoko finalerdia jokatzeko txartela, baina Ezkurra I.ak eta Lanbertek ere lortu izan balute, normala izango zen, bi bikoetako edozeinek irabazteko moduko norgehiagoka izan baitzen.Duhau eta Olaizola aurretik ibili ziren neurketako lehen zatian, baina alde handiegirik lortu gabe. Neurketako azkeneko txanpan, ordea, Ezkurra I.ak eta Lanbertek berdindu egin zuten, eta hortik aitzinera parekotasuna erabatekoa izan zen, eta markagailuan ere berdinketak bat bestearen atzetik izan ziren. Ezkurra eta Lanbert 39-38 aurreratu ziren, eta bazirudien finalerdietarako txartela haientzat izango zela, baina ez zen horrela izan. Lanbertek aukera paregabea izan zuen partida amaitzeko, baina bere dejada txapapera joan zen, eta berriro ere partida berdindu egin zen. Duhauk eta Olaizolak oparia ez zuten alferrik galdu, eta azkenean garaipena eskuratu zuten. Lau pilotariak aritu ziren maila oso onean, eta Olaizolak eta Lanbertek argi eta garbi utzi zuten onenekin aritzeko prest daudela. Duhauk eta Olaizolak finalerdietako partida ostegunean jokatuko dute 21.00etan hasita, eta Karrikart eta Jeannots izango dituzte aurrez aurre. Herenegun gaueko mailan aritzen badira, zaila izango da haiek menderatzea.
Arrangoitzeko Torneoa
Arrangoitzeko Torneoan, berriz, gaur jokatuko da bigarren finalerdia. Ezkurra I.a eta Ozafrain Larretxea eta Etxetoren aurka neurtuko dira (11.00). Patrick Ezkurrak herenegungo porrota ahazteko aukera paregabea izango du gaur garaipena lortuta, baina Larretxeak eta Etxetok biko handia osatzen dute, eta faborito aterako dira seguru asko.
|