Eako Poesia Egunak xede argia du:«Munduari zabalduz, geureari eutsi»
Herrijeri Emon Arnasa (HEA) kultur taldeak Poesia Egunak 2006 programa aurkeztu zuen atzo Bilbon. Gabriel Aresti poetaren lana ardatz duen egitasmo hori hirugarren urtez egingo dute Ean. Poesia jardunaldi horien helburua, kanpoko poesiak gurean izandako eraginaren inguruan aritzeaz gain, euskal poesia zabaltzea da. Atzo egindako aurkezpenean HEAko ordezkariak, Associacione Culturaleko kide bat, Edorta Jimenez, Fito Rodrigez eta Sonia Gonzalez egon ziren.
Gabriel Arestiren poesian oinarritutako programa honek hiru urte betetzen ditu
BILBO
Atzo goizean programa aurkezteko Bilbon egindako prentsaurrekoan, Edorta Jimenez, Fito Rodriguez eta Sonia Gonzalez izan ziren hizlari. Aurten hiru urte egingo dituen ekimen honek Ea herrian dagoen Gabriel Arestiren etxeko ateak zabalduko ditu uztailaren 22an eta 23an. Bi egunez poesia eta itzulpena berbagai nagusiak izango diren honetan, bi eztabaida nagusik hartuko dute protagonismo osoa. Alde batetik, kanpoko poesiak gurean izan duen eraginaren inguruko eztabaidak, batez ere 1975. urtetik gaur arte eta, beste alde batetik, gure poesia munduratzearen inguruko tertuliak.Mariasun Landa idazleak adierazi zuen moduan, «proiektu honen filosofia euskal poesia munduari zabaltzea da, baina baita geureari eustea ere» Haren ostean, Edorta Jimenezek hartu zuen hitza, Gabriel Arestik euskal poesia munduratzeko egin zuen lanaren inguruan aritzeko. Kazetariak azaldu zuen moduan, Euskal Herri- ko poeta famatuak bere bizkar gainera bota zuen Euskal Herriko hizkuntza munduratzearen lana. Bere lanak hizkuntza ezberdinetara itzuli zituen, horren bidez, euskal literatura gaurkotzeko xedeaz. Aurten, ostera, kanpotarrek izango dute aukera euskal poesiaz gozatzeko. Izan ere, Jimenezek azaldu zuen moduan, «aurten, Italiako poetak ekarriko dituzte, haiek gure poesia ezagutu dezaten». «Gure literatura munduratzea» dela helburua aipatu zuen, baina urratsez urrats egin behar dela. Berritasunen artean, aurten Alemaniako kazetari bat ere izango da jardunaldietan, Ralph Streak. Prentsaurrekoan azaldu zutenez, ia egunero argitaratzen du zer edo zer Euskal Herriaren inguruan. Hizlari batetik, beste batera. Fito Rodrigezi tokatu zitzaion txanda. Metafora baten indarraz lagunduta, poesia aurretik bidea markatzen duena dela esan zuen. Sonia Gonzalezek, bestalde, prentsaurrekoari amaiera emateko, aurretik Jimenezek aipatutako jardunaldien izaera ludikoa nabarmendu zuen. Izan ere, Jimenezen hitzetan, «poesia maitzea da xedea».
Uztailaren 22a eta 23a poesia ekitaldiz beteko dira
N. U. BILBO Uztailaren 22a eta 23a izan dira aukeratutako egunak, Herrijeri Emon Arnasa (HEI) kultur taldeak antolaturiko poesia jardunaldiak aurrera eramateko. Zapatuan goizeko 11.30ean emango diote hasiera Poesia Egunak 2006 deituriko proiektu horri. Bizkaiko Ea herrian izango diren ekitaldiei hasiera emateko, udaletxean hitzaldia egongo da “Zergatik itzuli zituen Arestik Nazim Hikmet eta Bocaccio?” galderari erantzuna emanez. Eguerdiko 14.30ean Bedaronan herri-bazkaria egin eta gero, kafe-tertulia literarioa egongo da, Italiako poesiaren inguruan. Azkenik, eta egunari amaiera emateko, gaueko 21.30ean, poemak irakurriko dituzte Eako portuan, Jon Piris musikariaren taldearen laguntzaz. Domekan, berriz, mahai ingurua egongo da udaletxean “Euskal poesiak jaso dituen eraginak” izenburupean, Iratxe Retolazaren eskutik. Eguerdiko 14.30ean, Natxituko Bolatokian egingo duten bazkaria eta gero, kafe-tertulia literarioa egongo da Astei baserrian. Bertan egingo duten “Euskal poesia munduratzen” izeneko ekitaldia informalagoa izango da. Azkenik, jardunaldiei bukaera emateko, tertulia egiteaz gain, hainbat poetak euren olerkiak irakurriko dituzte, Edu Zelaietak, Angel Errok, Leire Bilbaok eta Sonia Gonzalezek, besteak beste.
|