Atzo banatu zizkien Euskaltzaindiak 35 urgazle berriei beren diplomak
Atzo arratsaldeko bostetan hasita, Bilboko egoitza nagusian Euskaltzaindiak egin zuen bilera berezian banatu zizkioten euskaltzain urgazle berriei beren diplomak. Euskalgintzaren arlo ezberdinetako ordezkariak dira guztiak eta tartean izen ezagun asko dago, literaturaren edota bertsolaritzaren esparrukoak, beste batzuen artean.
BILBO
Xabier Kintana idazkariak irakurri zituen izendapen-agiriak eta ekitaldiaren garrantzia nabarmendu zuen: «Bere 88 urteko ibilbide luzean esan zuen sarritan banatu ditu Euskaltzaindiak sariak, dominak edota agiriak, baina inoiz ere ez horretarako antolatutako ageriko bilkura berezi batean. Horregatik, euskaltzain berriei agiriak banatzeko, gaur hemen egiten ari garen ekitaldi hau berezia izateaz gain, historikoa ere gertatuko da». Ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu zuen hitza eta Akademiak urgazle berrien aldeko apustua egin duela nabarmendu zuen, lanerako apustua, hain zuzen: «Konpromisoa dugu barrukook zuen parte-hartze zabala gauzatzeko. Konpromisoa hartzen duzue zuek Euskaltzaindiari laguntzeko». «Euskaltzaindiak jarraitu zuen Andres Urrutiak behar du jakin eta ezagutu euskararen jorratze lanetan ari diren hainbeste eragileren berri. Euskaltzaindiak bere ateak ireki behar dizkio euskararen arloan egunotan bizien eta behinen dabiltzan sektoreei. Hor ari zarete zuek ere, andrazko zein gizonezko, idazletzan, kazetaritzan, zientzian, teknikan, administrazioan, irakaskuntzan, ikerketan... eta bestelakoetan. Hortxe nahi zaituzte Euskaltzaindiak, euskara eguneratu baten eskakizun eta premiei erantzun egokia emanez». Euskaltzaindiko zuzendaritzak ez ezik, euskaltzain guztiek ere Akademia erakargarri egin nahi dutela nabarmendu zuen euskaltzainburuak: «Batik bat, euskalgintzaren belaunaldi berrientzat, jakinik, hori bai, garai berriek irtenbide berriak eta desberdinak eskatzen dituztela euskararen aitzindaritza eta zabalkunderako». Hori dela-eta, hona hemen euskaltzainen osoen zein urgazleen eginkizunik behinena: «Guztion artean Akademiaren barruan osterantzeko bideak irekitzea», esan zuen euskaltzainburuak. Amatiño, Jose Ramon Etxebarria, Rokardo Gomez, Joakin gorrotxtegi, Algel Ibisate, Felipe Juaritsi eta Juan Jose Zubiri ez beste guztiak izan ziren beren lehen bileran.
|