Wincantongo langileek protesta egin dute Lan Ordezkaritzaren aurrean
DONOSTIA
Wincanton Transeuropean España SA enpresako gidariek elkarretaratzea egin zuten atzo Donostiako Antigua auzoan dagoen Lan Ordezkaritzaren aurrean. Hain zuzen, joan den igandeaz geroztik greban diren langile horiek enpresak aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedientea onar ez dezala eskatu zioten Lan Ordezkaritzari, neurri horrek 39 langile utziko bailituzke kalean, horietako 35 gidariak.Langileen ordezkari eta LABeko kide Eneko Terrazasek GARAri honakoa jakinarazi dio: «Espedienteak aurrekari arriskutsua sor dezake, orain arte lortutako lan baldintzak direla-eta langileak oso garesti ateratzen garela finkatuko lukeelako, eta atzerriko jendea egoera prekarioan azpikontratatzeari atea gehiago irekiko lioke». Terrazasek oso kezkatuta daudela aitortu zuen, lanean denbora asko daraman jendea langabeziara joango litzatekeelako. «Enpresan 18 urte daramatzan jendea dago, baita 55 urte baino gehiago duten langileak ere», nabarmendu zuen LABeko kideak.
|