Sagardoa ikasgai UEUeko ikastaroetan
DONOSTIA
Sagardoa ikasgai bihurtu dute aurten Baionako UEUko ikastaroetan. Oraingoan, teoria alde batera utzi gabe, praktikari leku berezia egin diote. Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak Elkartea izan da ikastaroaren arduraduna. Herenegun hasi zen sagardoari buruzko ikastaroa Baionan. Sagardoaren nondik norakoak ezagutzeko hainbat hitzaldik eman zioten hasiera ikastaroari. Alde batetik, Iñaki Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko fruitu garapenerako teknikaria izan zen bertan. Hark Europako eta Ameriketako sagardo ezberdinen berri eman zuen, besteak beste: «Sagardoaren jatorria Europan koka badaiteke ere, hemendik asko hedatu da Ameriketara. Beste kontinenteetan, ordea, ez omen da sagardorik egiten, nahiz eta Txinan ekoizten diren sagar gehien». Arratsaldean, ordea, Usurbilera bertaratu ziren ikasleak. Sagardoa egiteko hainbat tresna ezagutu ostean, Usurbilgo elkarte batera joan ziren dastatze enologikoa egitera. Dozena bat sagardo ezberdin dastatzeko aukera izan zuten bertan. Azkenik, sagardotegira joan ziren afaltzera ikastaroan parte hartu zutenak. Han, afaldu aurretik, Andoni Egañak eman zuen bertsolaritzari buruzko hitzaldia entzuteko parada izan zuten. Afalostean, eguna biribiltzeko, bertso saioaz gozatu ahal izan zuten guztiek sagardotegian.
|