-Harri-zulatzaileak
Talderik onenak Santurtzin izango dira
DONOSTIA
Astebeteko atsedenaren ostean, harri-zulatzaileen Ligak aurrera jarraituko du, eta datorren asteburu honetan bi lekutan izango dira ikusgai Ligako jardunaldiak.Hala ere, guztietan erakargarriena bihar 13.00etatik aurrera Santurtzin jokatuko den saioa izango da. Bertan sei talde izango dira, eta Ligako hiru talderik onenak ere hantxe arituko dira nor baino nor. Jaizubia da Ligako lehen sailkatua. Gipuzkoarrek lehen urtea dute lehiaketa honetan, baina maila handiko taldea dutela agerian utzi dute, eta oraingoz onenak dira. Apirilean apustua galdu zuten, baina ordukoak bazterrean utzi eta bikain jarraitzen dute lanean. Trapagaran eta Galdames dira beste faboritoak, eta horiek ere bihar Santurtzin izango dira. Han ikusiko da une honetan hiruretan zein dagoen indartsuen, orain arte ikusitakoaren arabera, hiru horiek baitira txapela lortzeko faboritoak. Aipaturiko hiru talde horiez gain, Arboleda, Txoriherri eta Sondika ere arituko dira lanean. Santurtzin urtero izaten da Ligako jardunaldiren bat, eta normalean Ligako indartsuenak ere izan ohi dira. Hori dela-eta, bihar 13.00etan hasiko den neurketak sekulako jendetza batuko du. Beste ekinaldia etzi jokatuko da Barakaldon, 18.30ean hasita. Han, BurdinGazteak eta Errekatxo neurtuko dira. Burdin Gazteak, Ortuellako taldea, da irabazteko faboritoa.
Lokotx-biltzea
Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko da lokotx-biltzen, etzi eguerdian, Araban, Ribabellosan. Honako kirolari hauek hartuko dute parte final honetan: Ruiz, Ibañez, Atutxa, Azkoaga, Maiztegi, Lasaga eta Irazoki. Lehia 13.30ean hasiko da Ribabellosako plazan.
|