-Aizkora (Nafarroako Txapelketa)
Bigarren Mailako kanporaketa, Iturenen
DONOSTIA
Nafarroako Bigarren Mailako aizkolarien kanporaketa jokatuko da etzi Iturenen, 18.00etan hasita. Bertan honako aizkolari hauek hartuko dute parte: Xabier Mindegia, Belarra, Juan Telletxea,Jose Luis Telletxea, Rekondo, Olano, Pikabea, Amillano, Etxeberria, Erdozia, Mandazen, Ariztegi eta Loiarte. Bakoitzak bi kana-erdiko eta 60 ontzako enbor bat moztu beharko du. Sailkapeneko lehen bost postuetan geratzen diren aizkolariek lortuko dute finalerako txartela. Faboritoak aipatzerakoan, ez da erraza, horietatik asko ikusteko aukerarik ez baita izan neguan, eta lehenengo jakin egin beharko litzateke zer nolako mailan heltzen diren kanporaketa honetara. Hala ere, bost horien artean beharko luketen aizkolariak dira Luixmari Belarra, Xabier Mindegia eta Jon Rekondo, baina lana oso laburra da, eta horrelakoetan adartxo bat ateratzea edo epaia estutzea nahikoak dira segundoak galtzeko, baita finaletik at geratzeko ere. Aipagarria da, diren aizkolarien artean, gehienak Beintzat Labaien, Doneztebe eta Leitzakoak direla. Lehen herritik lau aizkolari dira, eta besteetatik bina. Beraz, eta kontuan hartuta Ituren herri horietatik gertu dagoela, jendetza handia izango da, eta aizkolariek ez dute saioan animorik faltako.
|