Urkiaren egoera salatzeko, gutuna Kontsulatuari
·Asteartean kanporatuko duten preso errenteriarrak 15 kilo galdu ditu jada
Lau egun barru amaituko du Mikel Urkia preso politikoak Estatu frantsesak ezarritako espetxe-zigorra, eta egun berean Estatu espainolera kanporatuko dute. Errenteriarrak 15 kilo galdu ditu dagoeneko, bere egoera salatzeko joan den ekainaren 18an hasi zuen gose-greba dela medio.
BILBO
Mikel Urkia Errenteriako preso politikoak hogeita sei egun bete ditu jada gose-greban, kanporatzearen aurka joan den ekainaren 18an hasi zuenetik. Aste osoan bere sorterrian, Errenterian, mobilizazioak izan badira ere, atzo Estatu frantsesak Bilbon duen Kontsulatuari gutuna bidali ziote, baita bere aurrean elkarretaratzea egin ere. Dagoeneko 15 kilo galdu ditu euskal preso politikoak. «Matu gose greban! Espultsioa, tortura. Amnistia eta askatasuna» leloa zeraman pankartaren atzean eta Kontsula- tu frantsesaren aurrean egin zuten elkarretaratzea goizean hamabost bat errenteriarrek, beren herrikidea Estatu espinolera kanporatuko dutela eta, Segurtasun Indarren esku geratuz gero, «torturak jasateko arriskua» duela nabarmentzeko. Izan ere, asteartean amaitzen baitu epaitegi frantsesek jarritako kartzela-zigorra, eta, «lurralde frantsesean bizi edo egoteko» debekua ere ezarri ziotenez, horre- gatik hasi zuen gose-greba. Kontsulatu aurrean elkarretaratzea egin ostean, bertaratu eta gutuna helarazi nahi izan zieten ordezkari frantsesei. Azkenik, inork ireki ez zuenez, fax bidez igorri zuten errenteriarrek Gobernu frantsesari zuzenduriko gutuna. Gutunean, Mikel Urkia euskal presoaren egoera deskribatzeaz gain, Polizia espainolaren esku jasan ditzakeen tratu txarren gaineko kezka azaldu zuten, baita Estatu frantsesa arduraduntzat jo ere Errenteriako presoari zer edo zer gertatuko balitzaio.Aditzera eman zutenez, dagoeneko hamabost kilo inguru galdu ditu Urkiak gose-greba hasi zuenetik.
Albisu eta Iparragirre barauan Mikel Urkia kanporatuko dutela salatzeko, Mikel Albisu eta Marixol Iparragirre euskal preso politikoek ere baraualdia egingo dute gaurtik asteartera bitarte, Askatasunak jakinarazi zuenez. Errenterian ere badira Urkiaren egoera salatzeko mobilizazioak. Gaur, 20.00etan, enkartelada abiatuko da plaza nagusitik, eta segidan baraualdian hasiko dira hainbat errenteriar, igandera bitarte. Igandean, uztailaren 16an, eskualde mailako manifestazioa abiatuko da 19.30ean.
|