«Euskunsa», euskara errazaren adibidea
·Aitor Aranak gogoeta egitera bultzatu nahi du irakurlea
«Kokoteraino nago gure hizkuntza zaila dela eta ikasterik ez dagoela aditzeaz. Gainera, normalean, euskaraz ongi ez dakitenak dira hori baieztatzen dutenak», kexatu zen Aitor Arana idazle legazpiarra. Horregatik kaleratu du «Euskunsa edo euskara erraza», jolaserako, pentsarazteko eta zirikatzeko.
DONOSTIA
Aitor Aranak hirurogei liburu baino gehiago argitaratu ditu jada, batez ere, haur eta gazte literaturaren alorrean. Ezaguna da Nafarroa Garaiko euskalkien inguruan egiten ari den hiztegi lana ere. Oraingoan proposamen bitxia egin du, “Euskunsa edo euskara erraza”. Liburua kaleratu duen Hiriako ordezkari Luis Haranburuk lan berritzailea dela nabarmendu zuen, «euskararen arlora begirada erlaxatua dakarrelako, euskara fresko eta gardenaren irrika esnatzen digulako». Gizakia gizaki denetik hitzak asmatzen ari da, solasekin jolasean. Aitor Arana harago joan da, ordea. Hizkuntza bat asmatu du, euskunsa edo euskara erraza, jolaserako eta entretenitzeko, baina baita pentsarazteko eta zirikatzeko ere. Oso hizkuntza sinplea da: hogei letrako alfabetoa du eta infinitiboak beti «i»z amaitzen dira. Legazpiko idazleak euskunsa deskribatu, eta “Ahatetxo itsusia” ipuin ezaguna kontatu du hizkuntza hori erabilita. Euskara batua-euskunsa hiztegia ere osatu du. «Txantxetan egin dut proposamena, dibertitzeko eta geure buruaz irri egiteko. Gure hizkuntzaren inguruan egiten diren baieztapenen inguruan gogoeta egiteko», argitu zuen idazleak. «Izan ere, kokoteraino nago etengabe entzuten dugun baieztapen sakrosantuaz: ‘Euskara hizkuntza zaila da eta ez dago ikasterik, gaztelania errazagoa da’. Euskal Herriko idazle ezagunenetako batek ere euskal erlatiboak ez direla erabilgarriak esan zuen. Egoera hori gogoan nuela hasi nintzen liburua idazten. Iazko udan izan zen, abuztuan. Oroitzen naiz goizaldeko hiruretan edo lauretan ohetik jaiki, eta poz-pozik ekiten niola lanari», azaldu zuen. Udaberrian beste liburu bat kaleratu zuen Hiriaren eskutik, “Aita Gurea” 335 hizkuntzatara itzulita. «Inork ez zuen bere filosofia ulertu, eta beldur naiz oraingoarekin ere gauza bera gertatuko ote den adierazi zuen. Filologiako liburua egitea zen asmoa, hizkuntza askoren isla eta erakusleiho izatea. ‘Aita Gurea’ mundu osoan gehien itzuli den testua da, eta horregatik erabili nuen hizkuntzak azaltzeko. Denek erlijio lantzat jo zuten, ordea».
|