ZARAUTZ
Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) Euskal Selekzioaren VII. Eguna antolatu du datorren larunbaterako Zarauzko itsas pasealekuan. «Zazpiak federazio bat» lelopean eta uda giroan bete-betean sartuta, hainbat kirol ekitaldi ikusteko aukera izango dute kostaldeko herrira hurbiltzen diren guztiek.Zarauzko malekoia zazpi gune berezitan banatuko dute eta bakoitzak euskal herrialde baten izena hartuko du federazio bateratuaren aldarri moduan. Nafarroa Garaia izena hartuko duen gune nagusia Munoa inguruan (Getariako bidea hartzen den aldean) kokatuko dute eta bertan antolatuko dituzte eguneko hitzordu garrantzitsuenak: jarduerei hasiera emango dien ikurrinaren igoera, herri bazkaria, herri kirol jaialdia eta ekitaldiari amaiera emango dion erromeria Triki Ta Ke taldearekin.
Malekoiaren beste aldera goazen heinean, hamaika kirol jardueraz gozatzeko aukera izango dugu. Bigarren gunean (Lapurdi) xake mahaiak egongo dira, hirugarrenean (Zuberoa) puzgarriak, laugarrenean (Gipuzkoa) halterofilia erakustaldia egingo dute, bosgarrenean (Nafarroa Beherea) ere puzgarriak ipiniko dituzte, seigarrenean (Araba) saskibaloi pistak eta pasakan jokatzeko pilotalekua eta zazpigarrenean (Bizkaia) eskubaloia eta boleibola izango dira protagonista «desertu txikia» izenarekin ezagutzen den hondargune zabalean.
Hondartzara jaitsita eta itsasoan ere izango da zer ikusia. Lehen eta bigarren guneen arteko pare horretan, futbol partida bat jokatuko dute Zarauzko eta Zumaiako jokalari beteranoen artean. Pixka bat aurrerago, Wushu Kung Fua eta Taichia ezagutzeko aukera izango du bisitariak eta, azkenik, surflari zarauztarrek erakustaldi bat eskainiko dute Argiñano parean olatuek laguntzen badute.
Egun osoan zehar trikitilariak eta dultzaina-jotzaileak ibiliko dira giroa alaitzen eta txosna pare bat ere jarriko dituzte itsas pasealekuan jendeak zerbait jan eta edan dezan. Gainera, herri bazkarirako karpa bat atonduko dute bai eguzkitik edo bai egin lezakeen euritik espero dezagun ezetz babesteko.
Egitaraua
Larunbata 22
10.00: Ikurrinaren igoera txalaparta- rekin eta bertsolariekin.
10.15: Kataluniako eta Euskal Herri- ko selekzioen aldeko plata- formen arteko akordioa.
10.30: Zarautz eta Zumaiako betera- noen arteko futbol partida.
11.00: Eskubaloi partidak Zarautz Kirol Elkarteko jokalariekin.
11.30: Surf erakustaldia Zarauzko Surf Elkartearen eskutik.
11.30-13.30: Puzgarriak.
12.00: Pasaka pilota partida, Iparral- dea Hegoaldearen aurka.
12.15: Wushu-Kung Fu eta Taichi erakustaldia.
12.30 : Gizonezko eta emakumezko- en boleibol partidak.
13.00: Halterofilia erakustaldia.
14.30: Herri Bazkaria Munoan.
16.30: Xake partida azkarrak eta sas- kibaloi partidak.
16.30-19-30: Puzgarriak.
18.30: Herri kirolak Xiba proiektuak antolatuta.
21.30-00.30: Erromeria Triki Ta Ke taldearekin.