DONOSTIA
Denboraldi hasiera bikaina egiten ari da Getaria. Kantauriko Arraun Elkarteak (KAE) antolatzen duen lehenengo multzoan parte hartzeko txartela eskuratu zuten gipuzkoarrek ekainaren 10ean, San Pedron jokatutako sailkapen estropadan bigarren izan ostean. Gauza ondo hasi zen Esperantzarentzat, eta orain arte behintzat bide horretatik jarraitzeko asmoa duela erakutsi du. Lehen estropadan, San Pedron izandako erlojuaren kontrakoan, bosgarren izan ziren. Joan den larunbatean, aldiz, orain arteko emaitzarik onena lortu zuten, eta hala, aurkari guztiak atzean utzi, Santurtziko XXVII. Ikurrina bereganatu eta lehen multzoko lidergoa eskuratu zuten.
Talde gaztea du Getariak, herrikoekin zein Oriotik iritsitako arraunlariekin osatutakoa. Izan ere, getariarrek Oriorekin hitzarmen bat dute, eta haien San Nikolas ontzian tokirik ez duten arraunlariek Esperantzan arraun egiteko aukera dute. Hala, gainera, Getariak uretan egoteko aukera du.
Tito Mancillak zuzentzen duen taldea propioak ez diren arraunlariez dago osatuta batez ere. Hala ere, Bartolo Campos presidenteari ez zaio arraunlariak izendatzeko era hori batere gustatzen. «Arraunlariak ezin dira sailkatu. Askeak dira nahi duten taldeekin arraun egiteko, eta ezin zaie horrela deitu. Gu behintzat ez gara inoren jabe, eta gurean ez dugu hori onartzen», azaldu zuen.
Bestalde, taldearen helburuari buruz galdetuta, Camposek pausoz pauso joan beharra dagoela nabarmendu du.
«Jendea ilusionatuta dago. Estropada onak egin nahi ditugu, baina aterik itxi gabe. Gure helburua igandetik igandera joatea da, estropadaz estropada, eta gero, abuztuaren amaiera aldera, helduko da kontuak egiten hasteko unea», esan zuen.
Oriorekin duten hitzarmena «garrantzitsutzat» jo zuen Camposek, «beheko jendeari lan egiteko ilusioa pizten diolako».
Izan ere, Getariak KAEn 24 fitxa izateaz gain, beste zortzi ditu nesketan, bost gazte mailan eta beste sei kadeteetan.