ZURAIDE
Lau biko arituko dira ostiraletik aurrera Zuraideko Torneoan. Etzi jokatuko dituzte lehenengo finalerdiak, eta igande arratsaldean izango da finala.Bi finalerdiak ostiral arratsaldean izango dira. 18.00etan hasiko da jaialdia, eta lehen partidan, Ibarrola-Etxeto bikotea Etxeberri-Kurutxariren aurka neurtuko da. Horiek beren auzia amaitzen dutenean, beste bi bikoak kantxaratuko dira finalerako bigarren txartela lortzeko asmoarekin. Sorhuetek eta Istillartek Larretxearen eta Jean Claude Dermiten aurka neurtuko dituzte indarrak. Bi finalerdietako garaileak igandean jokatuko dute final handia 17.00etan hasita.
Lehiaketa honetan izen dezente falta dira, ez baitira izango, ez Ozafrain, ez Ezkurra II.a ez Muskarditz. Baionako Masterra gerturatzen ari da, eta pilotariek atseden hartu ere hartu nahi dute, torneo asko ari baitira izaten aurtengo udan.
«Eskuetatik nahiko justu nago. Atseden hartu beharra neukan, eta Baionako Masterrera bitarte ez dut jokatuko, bestela eskuetako arazoa gehitu egin baitaiteke», esan zuen Paxkal Ezkurrak, Bakarkako eta Binakako txapeldunak.
Faboritoak aipatzerakoan, ez da erraza, lau bikoak oso parekatuak baitira, antolatzaileek garbi utzi zuten bezalaxe. Hala ere, Ibarrola-Etxeto izan daiteke, apustuzaleen ustez, txapela eraman dezakeen bikoa, baina hori gero kantxan ikusi beharko da. Amaitu den azkeneko torneoan, Arrangoitzekoan, apustuzaleek astindu ederra hartu dute, inork uste ez zuen bikoa, Ezkurra I.a-Ozafrain, garaipena lortu zuen bikoa izan baitzen.
Torneo honetako sarrerak trinketeko leihatilan jarriko dituzte salgai ostiralean bertan, eta nahi duenak finalerako ere erosi ahal izango ditu.