-Harri-zulatzaileak -
Jaizubia taldeak esku-eskura dauka Euskal Herriko Ligako txapela
·Hondarribiakoa izan ezik, gainerako talde guztiak bizkaitarrak dira
DONOSTIA
Jaizubia da Euskal Herriko Ligako lehen sailkatua, eta talde hori da Ligan ari direnen artean, Bizkaikoa ez den talde bakarra. Lehiaketa honetan parte hartzen duten lehen urtea dute, eta geratzen zaizkien hiru jardunaldietan gauzak oso gaizki egin beharko lituzkete txapela ez janzteko.Taldeko kideentzat ere ezuste gozoa da: «Egia esan behar bada, ongi ibiltzea espero genuen, aurrean ibiltzeko asmoa genuen, baina ez genuen espero lehen urtean irabaztea», esan zuen Aritz Isuskizak, taldeko kideak. Hondarribiarrek, ordea, oraindik badute kezkaren bat: «Badakigu Liga ez irabazteko gauzak oso gaizki egin beharko genituzkeela, baina beti izaten da kezka. Harri zailen bat egokituz gero, dezente gal daiteke, baina denok ohartzen gara txapela ia eskuetan dugula», esan zuen. Talde hau iaz hasi zen lanean, eta Ligan parte hartu ez bazuen ere, Euskal Herriko Bakarkakoan Isuskizak jantzi zuen txapela. Horrek indar handia eman zien, eta joan den apirilean apustua jokatu zuten Liga irabazi zuen taldearen aurka, Trapagaranen aurka, eta galdu egin zuten. Orduan kolpe latza hartu zutela onartzen du Isuskuzak: «Jota utzi gintuen. Ilusio handia jarri genuen apustu hartan, baina ez zen ongi atera. Orain Ligan egiten ari garen lanak asko indartu gaitu», esan du Aritzek. Ekinaldi guztiak ere etxetik kanpo jokatu dituzte, orain arteko guztiak Bizkaian izan baitituzte: «Saio bat Gipuzkoan jokatzeko asmoa bagenuen, baina ez da posible izan, eta denak Bizkaian jokatu ditugu. Hala ere, gauzak ongi atera dira. Inbidia apur bat pasatzen dugu, sekulako jendetza batzen baita saioak ikusteko, eta konturatzen gara Gipuzkoan ez dagoela horrelako afiziorik, baina horrela da, eta onartu egin behar da», adierazi du Isuskizak. Izan ere Gipuzkoan oso jarraipen txikia dauka Liga honek, nahiz eta herrialde horretakoa den lehen sailkatua: «Apustua jokatu zenean asko mugitu zen, komunikabide guztiak sartu ziren horren berri emateko, baina orain oso gutxi zarete kirol honetaz arduratzen zaretenak, eta hori nabaritu egiten da», esan du. «Ez Gipuzkoan, ez Nafarroan gu beste ez dabil inor. Guk taldean beste batzuk baditugu, baina ez daude gure mailan. Dena den, eskarmentua hartzeko erakustaldiak eurek egiten dituzte. Gero, Lapurdin bakarren bat hasi zen, baina inork ez du jarraitzen», erantsi du. Garaipen hauen sekretu bakarra lana dela adierazi du: «Egunero entrenatzen gara. Astelehenetik ostiralera, egunero egiten ditugu entrenamenduak, eta asteburuan lehiaketa izaten da», esan du Isuskizak. Izan ere, Jaizubiko hiru titularrak, Isuskiza, Berridi eta Andueza, hirurak arraunetik datoz, traineruetatik, eta badakite kirolean sufritzea zer den. Orain, ordea, ilusioaren garaia da. Taldekako Liga irabaztear daude, eta Binakakoan eta bakarkakoan ere itxaropen handiak dituzte hondarribiarrek.
|