Demoek ez diote zigor-proposamena onartu Fiskaltzari
·Iazko abenduan presoak hurbiltzearen alde egindako ekintza batengatik auzipetu dituzte
«Trafikoa oztopatu» zutela-eta, Fiskaltzak auzibidea eteteko atzo egindako zigor-proposamena ez zuten onartu demoek. Eskaintzak, presoak Euskal Herriratzeko abenduan egindako ekintza ezkutatzea duela helburu diote. Epaiketa izango da, beraz. Bi urteko espetxe zigorra, 4.500 euroko isuna eta hiru urte gidabaimenik gabe arriskatzen dute.
BAIONA
Baionako epaitegira deitutako bost demoek ez zuten onartu epaiketa saihesteko helburuarekin Estatuko fiskalak egindako zigor-proposamena. Antton Harińordoki, Peio Etxeberri-Aintxart, Patxi Queheille, Arńo Ayçaguer eta Ińaki Berhokoirigoinek iazko abenduaren 30ean Suprefeturaren aitzinean auto bat irauli eta istripua irudikatu zuten euskal preso politikoen urrutiratzea salatzeko:«Urtebukaera une egokia iruditu zitzaigun euskal presoak herriratzeko eskakizuna gogora ekartzeko eta urrutiratzeak familiengan eragiten dituen istripuak, akidurak eta beste ondorioak agerrarazteko», adierazi zuten bost demoek. Ekintzaren ondorioz, Poliziak atxilotu egin zituen eta polizia-etxean identifikatuak izan ziren. Ondoren, «trafikoa eragoztea» leporatu zieten. Akusazio horregatik, atzo epaitegian aurkezteko agindua jaso zuten. Bertan, zigor-proposamena egin zien Patrice Michel Errepublikako fiskalaren bitartekariak, Charles Saenz fiskalaren izenean. Proposamenaren arabera, bi demori 300 euroko isun bana jarriko liekete eta 15 egunerako gidabaimena erretiratuko, eta beste hiruri 500 euroko isuna eta gidabaimena hilabeterako, berriz huts bera egiteagatik. Eskaintza onartuz gero, auzibidea etengo zen eta ez zuten epaiketarik egingo. Demoek ez zuten ontzat eman aukera hori, eurentzat argi dagoelako «Fiskaltzaren helburua ekintza eta berau egitera bultzatu gintuzten arrazoiak isilpean pasaraztea dela». Gainera, «presoak urrutiratuz bere legeak urratzen dituen Estatuak gu legearekin zigortzeko mehatxu egitea onartezintzat» jo zuten bost militanteek. Egungo testuinguruan, «jarrera errepresiboa are eta ulergaitzago» egiten zaiela azaldu zuten, bestalde.«ETAk su-etena aldarrikatu duenean eta Espainiako Gobernua berarekin hitz egitekotan dabilen une hauetan, onartezina da, berri- ro ere, zigor bideari ekitea», esan zuen Antton Harińordokik. Prozesu politikoan laguntzeko Estatu frantsesak zein espainolak egin zezaketen «keinu hoberena eta sinpleena euskal presoak Euskal Herriratzea edo, gutxienez, Euskal Herrira hurbiltzea» izango litzatekeela gaineratu zuen.
Epaiketa izango da
Fiskalaren eskaintza onartu ez dutenez, epaiketari ekiteko hilabete batzuk barru berriro deituko dietela uste dute. Kasu horretan, bi urteko espetxe zigorra, 4.500 euroko isuna eta hiru urterako gidabaimenik gabe geratzea da auzipetu bakoitzak jaso dezakeen zigorrik larriena.Epaitegiaren aurrean egindako agerraldian demoek esan zuten, ekintza egin zutenean, ez zutela inolako bortizkeriarik erabili:«Gutako hiru kidek autoa irauli eta ustezko istripuaren ondorioz lurrean zaurituen papera egiten zuten bitartean, beste biek trafikoa zaindu zuten, arriskua ekiditeko». Euskararen erabilpena sustatzea eta euskal departamenduaren sorrera bultzatzearekin batera, euskal presoak Euskal Herrira ekartzea ere Demo mugimenduaren helburua dela gogoratuta, dei egin zioten euskal gizarteari epaiketa izango denean elkartasuna adieraztera eta, bien bitartean, presoen sakabanaketa eta urrutiratzea amaitzeko ahaleginak egitera.
|