Bilboko Aste Nagusia
Ekitaldien lekualdaketa izango da aurtengo jaietako berritasunetako bat
Bilboko Aste Nagusian izango diren berritasun nagusiak ekitaldien lekualdaketarekin daude lotuta. Izan ere, jarduera batzuek haien ohiko kokalekua utziko dute leku berri batera pasatzeko. Horrekin batera, ezintasunen bat duten pertsonei zuzendutako proiektua jarriko da martxan, haien beharrizanetara egokitutako neurriak hartuz. Halaber, urtero bezala, txupinazo garbiaren aldeko apustua egiten du Jai Batzordeak, zikinkeriaz beteriko txupinazoa salatuz.
BILBO
Abuztuan izango den Bilboko Aste Nagusian, zenbait berritasun izango dira. Horietako gehienek kontzertuen kokalekuaren aldaketarekin dute zerikusi zuzena. Orain arte Unamuno plazan izan diren musika ekitaldiek, adibidez, haien ohiko lekua utziko dute Bilborock aretora pasatzeko, Merced-eko antzinako eliza aurrera, hain zuzen ere. Era berean, aldaketa horrek beste bat dakar. Izan ere, rock kontzertuek orain arte umore antzerkiek izandako lekua hartuko dutenez gero, azken horiek Merced elizatik 50 metro gorago ipiniko dituzte, izen bereko eskoletan. Berritasunen kontu horrekin jarraituz, aipatzekoa da ezintasunen bat duten pertsonek ere haien lekua edukiko dutela, berdintasunean oinarritutako proiektu berri bat jarriko baita martxan. Pertsona horiek beste guztiek dituzten aukera berak izatea xede duen ekimen horrek zenbait aldaketa positibo ekarriko ditu. Horien artean, agurrean eta pregoian zeinu bidezko lengoaiaren interprete bat egongo da. Horrekin batera, egitarau nagusia eta musika klasikoaren egitaraua braillez argitaratuko dute. Halaber, proiektu horrek begirale espezializatuak ekartzeaz gain, autobus zerbitzu berezia eskaintzea ere aurrez ikusten du. Integrazio jokoak ere egongo dira, batik bat zeinuen lengoaiaren eta ukimenaren gaineko lantegiak eta, hori guztia, ondo pasatzeaz gain, balioetan hezteko helburuaz. Berritasunak alde batera utzita, aurten ere ez dira falta izango ekintza klasikoak. Beraz, antzerkiak bere protagonismoa mantenduko du. Izan ere, urte honetan, gustu guztientzako ekitaldiak prestatu dituzte, batik bat, umorezko antzerkia, kale antzerkia eta umeei zuzendutakoa. Umore antzerkiari dagokionez, Teatre de Guerrilaren “Somos lo que somos” egongo da, beste askoren artean. Kale antzerkia, berriz, Arriaga plazako anfiteatroan ikusi ahal izango da eta besteak beste, Solo Manoloren “Locomotivo” ekitaldiaz gozatzeko aukera izango da. Haurrek ere eurei zuzendutako antzerkia ikusteko aukera izango dute, Patxin eta Potxinen “Indoen lurraldea” deituriko ekitaldia ikusteko beta izango dute-eta. Hala ere, ezin ahaz ditzakegu Euskal Herriko kulturaren aztarnak. Horregatik aurten ere, Euskal dantzak egongo dira Plaza Berrian, eta bertsolariak Santiago plazan. kirol ekintzak ahaztu gabe.
Txupinazo zikinaren aurrean, neurriak
Aurten ere, eta urtero bezala, Bilboko Aste Nagusiko
Jai Batzordeak txupinazo garbiaren aldeko apustua egin du. Halere, aurreko
urteekin alderatuz, gai horren inguruan berritasunak sartu dituzte. Jaietako
arduradunek azaldu dutenez, aurten azken aukera emango dute txupinazo garbia
lortzeko. Egoerak berdin jarraituz gero, hurrengo urtean Areatzako sarbidea
blindatu eta txupinazoa zikintzen duten osagaiak konfiskatzeko kontrolak egiteko
aukera aztertuko dute.
Apunteak
Nazioarteko musika Aste Nagusian
BILBO. Nazioarteko musikak bere lekua izango du Botika Zaharrean. Bertan izango diren musika ekitaldien artean, nabarmentzekoa da The Prodigy izango dela aurten Turbonegro musika taldearekin batera. Euskal musika ere egongo da, Berri Txarrak eta Su Ta Gar taldeek joko baitute. Kontzertuen kokaleku nagusia
BILBO. Uribitartek berebiziko garrantzia hartuko du Aste Nagusian, kontzertuetarako espazio nagusia bilakatu baita. Gustu ezberdinei egokitutako musika ekitaldiak egongo dira, beste askoren artean, Doctor Deseo, Carlos Jean eta Sergio Dalma egongo baitira, jazz gauarekin batera. Interkulturalitatearen aztarnak
BILBO. Munduko bazter ezberdinetako musika gogoko duenak Plaza Berrian izango du horretaz gozatzeko aukera gauero. Izan ere, bertan ikusgai egongo baitira Sonora Latinaren saltsa, De Diego Brothers-en jazza, Lubre-ren musika zelta edota Korrontzik aurkeztuko duen Euskal Folka.
|