GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-07-26
Maider IANTZI
Tabako lantegian barrena bidaia
gipuzkoako hiriburuko Tabako Fabrikak izena eta izana aldatuko ditu. ez da Tabakalera izanen, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gunea baizik, eta zigarroak beharrean ideiak ekoiztuko ditu. itxuraldatu AITZINETIK eraikina barrenetik ezagutzeko aukera eman nahi diete herritarrei.

gogoan dut 1942. urtean soldaduska egitera joan nintzeneko eguna. Renfeko trenean egin nuen bidaia, lasto tartean eta lau sagar poltsan nituela. Tabako fabrikako emakumeek leihoetatik agur egiten zidaten. Horregatik sartu naiz gaur eraikin honetara, barrutik ezagutzeko irrika nuelako», kontatu zuen bisitari batek.

Donostian, Renfeko geltokiaren eta Urumea ibaiaren ondoan dagoen eraikin erraldoitik ez da zigarro gehiago aterako. Aurrerantzean kultura lantzeko eta elkarlana bultzatzeko plaza izanen da. Euskadiko Filmategia eramanen dute hara, kultura garaikidearen inguruko mediateka jarriko dute martxan, sormena lantzen duten enpresak finkatuko dituzte... 2008an espazio publiko hori eratzeko lanak hasi eta Tabakalera erabat itxuraldatuko da. Hori egin aitzinetik, ordea, lantegia barrutik ezagut daiteke eta historiaren berri izan. Urrira arte bisita gidatuak eginen dira astero, asteazkenetik igandera arte (biak barne).

Emakumeak protagonista

Atotxakoa ez zen Donostiako lehen tabako lantegia izan. «Aurretik beste bat egon zen Garibai kalean, oraingo Kutxan. Baina langile ugari zegoenez, Udalak eraikin handiagoa egin nahi izan zuen», argitu zuen Ainara Landaberea gidariak. 1888 eta 1913 artean eraiki zuten, Donostia nolakoa izan behar zen eztabaidatzen ari zirelarik. Batzuek industriari eman nahi zioten indarra, besteek turismoari. Eztabaida eta proposamen horiek ezagutzeko, sarrera nagusian plano historikoak eta argazkiak daude ikusgai. Horietan ederki antzematen da nola indartu zen Tabakalera-Cristina Enea espazioa hiria hegoaldera handitzen joan zen neurrian.

Garrantzitsua izan zen lantegia errepidearen eta trenbidearen alboan kokatzea. «Geltokirik gabe ez dago eraikin hau ulertzerik, trenbidez iristen baitzen lehengaia, eta trenbidez plazaratu azken produktua», esan zuen Landabereak. Hala eta guztiz ere, jende askori Atotxakoa ez zitzaion eraikin egokia iruditu, hotel edo museo itxura hartzen ziolako fabrikarena baino gehiago. Horren adibide dira erdialdeko eskailera handi eta ikusgarriak. Horietatik bigarren solairuan dauden administrazio bulegoetara igo daiteke bisitaria. «Gune noble horretako langile gehienak gizonezkoak ziren, baita makinaria konpontzeaz eta zama garraiatzeaz arduratzen zirenak ere. Baina tabakogintza emakumeen lanarekin lotua egon zen hasiera-hasieratik. 1935ean 1.014 behargin zeuden, horietatik 845 andreak», adierazi zuen Landabereak.

Eraikinaren zati horretan Donostiako monumentuen mapa dago, eta bertan ageri dira “Luit” txokolate fabrika, “Cervezas el Leon” eta Tabakalera ere. Hainbat grabatu eta argazki ere bada hiriaren iragan industriala oroitarazteko.

Galeria batzuetan tabako usaina nabarmena da oraindik, han kentzen zizkietelako sustraiak hostoei, gero txikitu... Lantegia martxan zegoelarik, Egia osora zabaltzen zen usaina, eta auzotarrek ongarri gisa erabiltzen zituzten hondakinak, landareei emateko.

Airetik egindako argazkiak paratu dituzte eraikina hobeki ezagutzeko, galeria, koadrante eta patiotan nola banatzen den ikusteko. «Bi ardatz eta lau patio ditu, egitura nahiko garbia, Valentziako Tabakalerarena bezalakoa. Izugarria da, 27.000 metro koadro ditu guztira», esan zuen Kultura Garaikidearen Nazioarteko Guneko langileak.

«Donostiako eraikin honetan lan egiteak bazuen nolabaiteko prestijioa, nahiko ongi antolatua zegoelako eta kalitatea zorrotz kontrolatzen zelako. Gainera, Ameriketatik eta Cacerestik tabako orriak ekarri, eta produktu berri anitz kaleratzen zen. Horrek antolakuntza aldatzea ekarri zuen: beharginak bi txanda egiten hasi ziren eta makina berriak ekartzen ere bai», azaldu zuen.

“Egun bat 1923an” argazki erreportajeak ezin hobeto irudikatzen du nola egiten zuten lan, baita produktibitatea zeinen handia zen ere. Argazki batean hirurogei andre baino gehiago azaltzen dira, batzuk zigarroak liatzen, besteak Bubi, Timonel eta Bisonte markako paketeak egiten...

Lehenengo solairuan, pieza txikien biltegia dago. Makinak puskatzen zirenean, langileak gela horretara joaten ziren ordezko piezen bila, baina batzuek soilik zuten sartzeko baimena. Atean horien izenen zerrenda ipinita dago oraindik. Biltegitik hurbil, takilaz betetako jangela handia dago. «Tabakaleraren azken urteetan takila gutxiago erabiltzen zen, makinek pertsonen lana ordezkatu zuten seinale», aipatu zuen Landabereak.

Lantegian hainbeste emakume egonda, normala da haientzako aldagelak izatea. Beheko solairuko gela horietan oraindik berrehun bat takila daude, bakoitza andrearen izenaren eta txandaren berri ematen duen txarteltxoarekin. Hainbat dutxa dago, baita garbitoki bitxiak eta funtzionalak ere, biribilak, bakoitza zortzi iturrirekin. «Ez dakigu lanean hasi aitzinetik edo hautsez beteta ateratzerakoan erabiltzen zituzten. Edo bietan», esan zuen gidariak. 1928ko argazki xelebre bat dago aldagela batean: emakumeak lanetik ateratzen agertzen dira, eta seme-alabak euren bila joaten. Normalean alderantziz izaten da, gurasoak joaten dira umeen bila ikastetxera.

Beste argazki batean gizonak ikus daitezke fabrikatik irteten, zigarroa ahoan dutela denak. Tabako ona sakelan sartzeko tentazioa handia izaten zen, baina ateratzerakoan katxeatu egiten zituztenez, ezpainetan edo belarri gibelean eraman behar izaten zuten. Hala ere, soldatarekin batera, beti ematen zitzaien langileei paketeren bat edo beste opari.

«Hamarkada anitzetan, zigarrera guztiek ez zituzten eskubide berak. Esate baterako, zenbaitzuek lantegira joate hutsa aski zuten kobratzeko, ‘lan lagungarrietan’ aritzen zirela esaten zelako. Zigarrogile zaharrei lanik egin gabe jubilatu aitzineko laguntza emateko era zen. Garai batean ez zen gizarte segurantzarik, ezta langileen eskubiderik ere, beharginak ez zeuden kontratatuta. Francoren diktaduraren ostean etorri ziren eskubideak», azaldu zuen gidariak.

Hezetasun handia

Sotora jaistean, deuseztatu egiten da eraikuntzaren handitasuna. Han, bisitariari ez zaio iruditzen espazioa hain zabala denik, harearrizko pilare sendoz josia dagoelako agian. Igeldoko harriarekin batera, burdina ugari dago, eta XX. mende hasierako Donostiako hirigintzaren ezaugarri da hori.

Lantegiaren azpialdearen bertze ezaugarri bat hezetasuna da. «Lehenago, hondarrez, buztinez eta marismaz betea zegoen dena, eta orain horma zulatuko bagenu ibaia azalduko litzateke. Horregatik, hiriko beste hainbat tokitan bezala, teknikaz baliatu ziren uholdeei eta marea biziei aurre egiteko. ‘Motobonba’ izeneko tramankulua erabili zuten ura ateratzeko», esan zuen Landabereak.

Sotoa biltegia zen, baina garai batean aldagelak ipini zituzten. Han dago oraindik galdara aretoa ere. 1990eko argazki bat paratu dute, eraikina berritzen ari zirenekoa. Egia auzoa zenbat aldatu den ikus daiteke bertan. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
El juez Guevara actúa contra la defensa de tres presos vascos
Jendartea
Fallece un vecino de Ermua al explotarle un cohete festivo
Euskal Herria
Etxerat: «Errebelatu egiten gara»
Jendartea
Ensayo general de cara a las fiestas de La Blanca
Mundua
Rice insiste en diseñar un Oriente Medio a la medida de Israel quieran o no los árabes
Euskal Herria
Garzón revoca a Pedraz y evita la puesta en libertad de dos presos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss