Patxi Baztarrika Galparsoro - Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea
Fernando Muniozguren
Joan dira egun batzuk Fernandok utzi gintuenetik eta galera horrek eragindako ustegabeko ondoezak eta zirrarak leku apur bat egin diote hark gure artean utzitako ekarpena, guregan utzitako arrastoa arretaz hausnartu beharrari. Duela hogei bat urtez geroztik genuen elkarren berri euskalgintzan Fernandok eta biok, bera Eibarko Udaleko Euskara Zerbitzuaz arduratu zenetik, eta ez dira gutxi elkarrekin egindako bilerak, gehienbat Udaletako Euskara Arduradunen Sarea (UETS) zelakoaren ildoan. Ekimen handiko urteak izan ziren 80ko hamarkadako haiek udaletako euskara zerbitzuetan geniharduenontzat, asko zen guztia ez esateagatik eginkizun genuena eta erronka haiek eragozpenez mukuru zetozen; hantxe ezagutu nituen nik orain nabarmen utzi nahi ditudan Muniozgurenen ezaugarrietako bi: lehenik, bere goi-mailako formazioa, egiten zituen planteamenduetan eta azaltzen zituen jarreretan agerian geratzen zena eta, bestetik, ekintzaile gisa berezkoa zuen gaitasun pragmatikoa. Pragmatikoa baitzen oso nire irudirako Fernando Muniozguren, eta esango nuke euskarak bizi zuen eta bizi duen kinkan ezinbesteko zuela berak pragmatismo handiz jokatu beharra.
Jakin bazekien Fernandok euskara biziberritzeko jardunean tokian tokikoa zela guztiz beharrezkoa, guztiz funtsezkoa gure gizarte egituraren katebegi guztietan euskararen erabilera txertatzea: Bazekien biziberritzea modernizatzea zela, eta aurkako joeran zetorren egoera soziolinguistiko batean bizibe- rritzea burutsu eragitea zela. Eta oinarri horiek hezurmamitzen, sendo egituratzen, eman zituen urterik onenak. Egun hauetan egin zaizkion gorazarrezko aipuetan irakurri dut bere egintzen zerrenda luzea; Eibarri, Debabarrenari, ZarautziŠ alegia, Euskal Herriari egin dion ekarpen handia. Orain egun gutxi, uztailaren hasieran, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren XVIII. edizioa zela-eta, sari horren lehen edizioko argazkirik ikusteko aukera izan dut, Fernando bere bizar luzeekin “Šeta kitto!” kolektiboari eman zitzaion saria jasotzen izen bereko aldizkarian argitaraturiko lan batengatik. Hara hor, Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, bere lehen edizioan, Eibarren sortu berria zen kazetaritza proiektu baten aldeko ezagutzaz betea. Argazki hura ikusi eta egun gutxiren buruan hil zen.
Belaunaldi gazte berriak euskalgintzara erakartzen eta martxan jarritako proiektuak haien esku ondorengotzen lan handia egin zuen Muniozgurenek; horri esker luzaro ezagutu ahal izango dugu hark sortu edo eragindako ekimen ugari. Nire kezka, orain, bestelakoa da: euskalgintzak galtzen duen eredu horrek jarraipen egokirik izango ote duen gure alorrean, haren jarrera eta jokabide jantzi eta pragmatikoek, berak gutxik bezala ezagutu zuen inguruabar soziolinguistiko katramiltsuan lan egiteko eta burutsu eragiteko ahalmen horrek, oinordekorik izango ote duen horren guztiaren hain behar handia duen euskalgintzan. Zalantza horrek egiten dit orain zi- miko Fernandorekin go- goratzean.
Fernando ez baitzen inertzien batere zalea, eta bai erakundeen aldetik bai euskalgintzan bertan maiz sortzen diren inertzia horien aurka lan egiten nabarmendu zen, jakinik gaitz larria zela hori guretzat, luxu garestiegia, eta dinamikak berritu egin behar direla, gure txikitasunean aldatu egin behar direla ahalik eta etekinik handiena erdiesteko. Inertzien aurkako zen, eta esango nuke nire uste apaletik haustura gehienak galgarritzat zituela, bere iritzietan tinko iraun arren, konponbideak bilatzeko gaitasun handia zuela, tolesdurarik gabe, oso grina jatorrez, solaskide eredugarria baitzen. Protagonismo hutsalei ihes egin zien beti, eta behin ekimen bat bideraturik sendo ikusten zuenean, nahiago zuen erronka berrien bila ibili, bidegile gisa, hori baitzuen inertziei aurre egiteko jarraibidea. Galera horri diot beldur nik orain: itxaropenik nahi nuke izan, orpoz orpo izan zituen gazteek beregandik eskarmentu hori guztia ezagutu dutelakoan, ikasi dutelakoan. Orain badakitelakoan, hezkuntza munduan ibilitako hark, Eibarko Udalean jardundako hark, euskara elkarteetan eta beste herri mugimendu askotan lan egindako hark jakin ongi zekiela ezer lotzen ez zuten alferrikako korapiloak askatzen, eta hobeto bi mutur lotu behar zituztenak gogor estutzen.
Azken hogeita bost urte hauetako euskararen bidegile prestuenetako ba- tek utzi gaitu. Ohorea izan duk niretzat, Fernando, hirekin batera urte horietan guztietan zehar hainbatetan jardun ahal izatea. Adiorik ez! -
|