Haur elbarrituak zaintzeko zentroak diru eskasia salatu du
BAIONA
Baionako L’Arche de Noe haurtzaindegi bereziak erakunde publikoen diru-laguntzak iraunkorrak izan daitezela eskatu du. Zentroko plazen herena haur elbarrituentzat gordetzen duen zentroa Akitanian bakarra da. Ikasleen artean diren elbarritu kopuruaz gain, lau urte baino gehiago dituzten ume ezinduak hartzeagatik ere berezia da. Eta, azken hori da bereziki haurtzaindegiaren zailtasun ekonomikoen iturria. Gaur egun estatuko erakundeek lau urte baino gehiago dauzkaten haur elbarrituak zaintzeko finantzazioa ez duelako aurreikusten.
Errealitatea hori izanik ere haurtzaindegiak borrokaren bidea aukeratu du eta lau urte baino gehiagoko haurrak hartzen jarraituko du. Egoeraren zaitasunaren berri emateko administrazio kontseiluak mahai inguru bat antolatu zuen maiatzaren 31n zentroaren finantzazioan parte hartzen duten erakundeekin. Bilkura horretan ekainaren 31rako finantzaziorik jasotzen ez bazuten ixtea erabakiko zutela adierazi zuten, baina oraindik zain jarraitzen dute. Orain arte Baionako herriko etxeak bakarrik ziurtatu du laguntza, 2006rako aurreikusitako diruari 20.000 euro gaineratuko dizkio. Kontseilu Nagusiko eta Familia Sorospenen Kutxako ordezkariek tramiteak ongi doazela baieztatu dute.
Aldi berean, zentroak dituen berezitasunak nabarmendu nahi izan zituzten atzo L’Arche de Noeko administrazio kontseiluko kideek eta zuzendariak. Izan ere, haur bereziak hartzeak baliabide bereziak ere eskatzen ditu hezkuntzan eta zaintzan. Horregatik, haurtzaindegi berezia izanik finantzazio berezia beharko lukeela adierazi zuten, langileen egoera hobetzeko. Soldata baxuek langileak etengabe aldatzea ekartzen baitu eta egitasmoa aurrera ateratzea zailtzen du.
|