GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-08-07
Japonian barrena bira egin eta gero disko berria grabatzeari ekingo dio Sagarroik
Sagarroiko kideak Japoniara joango dira abuztu bukaeran, han baitute zain lauzpabost kontzertuko bira garrantzitsua. Haiek baino lehen, beste musikari euskaldun batzuk joan dira ­egia esan, gehiegi ere ez, oraindik behintzat­, eta bisita Euskal Herria eta Japonia bitarteko bidea errazteko urrats berria izango da. Gainera, Sagarroikoek han joko dituzte jendaurrean lehen aldiz prestatzen ari diren disko berriaren piezak. Izan ere, buru-belarri ari dira grabatu aurreko lanak bukatzen. Iñigo Muguruzak aurreratu duenez, diskoa, bandaren laugarrena, «oso festiboa» izango da, «aurrekoa baino azkarrago eta skatalitikoagoa».

DONOSTIA

Abuztuaren 30etik aurrera, Sagarroik Nagoya, Nishio, Enoshima eta Shibuyan joko du. «Shibuya Tokioko auzo bat da, eta, hasieran, bira hor bukatzekoak ginen, Eggman areto mitikoan, baina, azkenean, Osakan ere joko omen dugu», adierazi dio GARAri Iñigo Muguruzak.

Eztarria pixka bat marrantatua nabari zaio Iñigori. Arrazoiaren berri eman du: «Japoniako biran, prestatzen ari garen disko berriaren piezak jotzeko asmoa dugu. Izan ere, irailean sartuko gara grabazio estudioan, eta jo eta ke ari gara entseatzen. Luze eta berandu arte aritu gara bart, eta ahotsean nabari zait».

Ez dira gehiegi Japoniara joateko aukera izan duten euskal taldeak, baina batzuk, behintzat, joan dira. Fermin Muguruzak, adibidez, bi bira egin ditu han, eta Betagarrik beste hainbeste. Lobo Electrico eta S.A. ere joan dira. Horiek guztiek Japonicus izeneko ekimen baten bitartez jo ahal izan dute herrialde urrun hartan, Joxe Ripiauk orain dela urte batzuk egin zuen bezalaxe. Izan ere, Iñigo Muguruza, Sagarroiko erreferente nagusia, talde harekin joan zen hara lehenengo aldiz, eta geroztik beti pentsatu izan omen du itzuli beharra zegoela. «Bidaia hartatik oso oroitzapen onak ditut ­aitortu du­. Egunero hamaika ez, baizik eta hamaika mila pasadizo bizitzeko aukera ematen duen herrialdea da hura. Den-dena harrigarria egiten zaigu. Ez nuen nik bakarrik flipatu, denok baizik. Esaterako, Asier (Ituarte, Joxe Ripiauko zein Sagarroiko tronboi-jotzailea), Euskal Herrira gainerako taldekideekin batean itzuli beharrean, han geratu zen. Bizikleta bat hartu eta, beste lagun batekin, tenpluz tenplu ibili zen bolada batez. Gure esperientzia hari buruz idatzi nuen artikulutxo baten bukaeran ere argi eta garbi iragarri nuen: ‘Volveré’».

Orain dela urtebete, Sagarroiren bira antolatzen hasi zen Iñigo Muguruza. «Gure kontaktua Japonicuseko kideak dira. Oso ezkertiarrak dira eta Euskal Herriarekin kimika berezia dute. Haien bidez, euskal talde batzuk hara joan eta, aldi berean, hango batzuk hona etorri dira. Doberman izan zen etorri zen azkena. Ska egiten duen banda da. Kide guztiak arrosaz jantzita ateratzen dira oholtzara. Ondarroako Kafe Antzokian egin zuten kontzertura joan nintzen, eta sekulakoa izan zen. Errematerako, gau hartan Joxe Ripiauren garaian euskaraz eta japonieraz egin genuen kanta bat ere abestu genuen».

Kontua da Japonicusekoen bisita hura birari buruzko azken hariak lotzeko aprobetxatu zutela Sagarroikoek. Eta orain, hegazkina noiz hartuko zain dauden bitartean, denbora entsegu lokalean ematen dute. «Jo eta ke ari gara. Sagarroi japonieraz nola esaten den begiratzeko aukerarik ere ez dugu oraindik izan», adierazi du Iñigo Muguruzak.



«‘Toulouse’ baino azkarragoa eta skatalitikoagoa»
M.A.
DONOSTIA

Orain arte hiru disko argitaratu ditu Sagarroik. Estreinakoa “Meatzaldea” izan zen (2001), taldea sortu eta berehala plazaratutakoa. Iñigo Muguruzaren aurreko proiektuarekin, hots, Joxe Ripiaurekin, alde ederra zegoen, “Meatzaldea”n hardcorea baitzen nagusi. 2003an, berriz, “Euria ari duela” grabatu zuten. Lan horretan berriz ere Joxe Ripiauren soinura hurbildu ziren. Ska eta Karibeko eragina nabariak ziren, be-hintzat. Hirugarren diskoa “Toulouse” izan zen (2004). Mestizajearen hiriburua da Okzitaniako Tolosa, eta espiritu horrek goitik behera kutsatzen zuen diskoa.

Disko berriak ez omen du oraindik izenbururik («Deep Purple gogoan, ‘Made in Japan’ bataiatzea pentsatu dugu», esan du Muguruzak txantxetan), baina norabidea garbi dago. «Nahiko disko festiboa izango da, aurrekoa baino azkarragoa, skatalitikoagoa, funki-, regae- edo rock-zertzeladak ere izango dituen arren». Nolanahi ere, gertuago egongo da Joxe Ripiautik “Meatzaldea”tik baino. «Jakina ­aitortu du Iñigok­. Lehen disko hark ez du Sagarroi gaur egun zer den islatzen. Joxe Ripiautik atera eta rock egiteko gogoa nuen. Maketa rockero batzuk grabatuta neuzkan eta horiexek erabili genituen oinarri gisa. Denborak ematen duen perspektibarekin ikusita, beharbada estreinako diskoa ateratzeko pixka bat gehiago itxaron behar genuen».

Disko berria oso aurreratuta daukate. Hitz gehienak Iñigorenak berararenak izango dira. Andoni Egañak eta Kirmen Uribek, berriz, kanta bana egingo dute. Doinuak guztien artean ari dira lantzen, Muguruzaren maketetatik abiatuta baina. Oso gogor ari omen dira, «azken txanpan». Izan ere, dagoeneko hitzartuak dituzte estudioak irailean grabatzeko. «Santos anaienean hasiko gara, Ondarroan, eta bukatu, berriz, Garaten, Andoainen. Nahasketak-eta, beti bezala, Kaki Arkarazok egingo ditu».

Metak desagertu da, beraz, Sagarroik beste diskoetxe bat bilatu behar izan du eta aurkitu ere egin du, Katalunian baina: Kasba Music. «Alde batetik, haiek interes handia erakutsi zuten eta, beste aldetik, euskal diskogintza ere suziriak botatzeko moduan ez dagoela kontuan izanik, ez dugu gehiegi pentsatu behar izan. Gainera, Katalunian oso harrera ona izan dugu beti».

Sagarroiren disko berria Durangoko Azokarako prest egongo omen da. Gero, negutik beretik hasita, aurkezpen kontzertuak «txoko guzti-guztietara» eramateko asmoa du taldeak.

Kide berria

Fitxatze berria egin dute Sagarroikoek: Miren Gaztañaga. «Ez dator musikatik, antzerkitik baizik ­esan du Iñigo Muguruzak­. Antzezkizun batean kantatzen entzun nuen eta begiz jo. Gero, Korrika Kulturalaren barruan Antzerkiola Imaginarioarekin batera egin genuen ‘Ezekiel’ hartan ere kantari jarri genuen. Proiektu berrian parte hartzeko eskatu genion eta baietz erantzun zuen». Beraz, hemendik aurrera Iñigo Muguruza, Asier Ituarte, Karlos Zubikoa, Gorka Baskaran eta Miren Gaztañaga arituko dira Sagarroin. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Etxerat reclama en las playas los derechos de los represaliados
Kirolak
«Si se supera la eliminatoria, a lo mejor hay un fichaje de relumbrón»
Mundua
Acta de nacimiento indígena de la nueva Bolivia
Kirolak
Hondarribiak denboraldiko bosgarrena etxean lortu eta lidergoa sendotu du
Mundua
Hizbula continúa atacando a pesar de los bombardeos israelíes
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss