GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > ARRAUNA 2006-08-07
Hondarribiak denboraldiko bosgarrena etxean lortu eta lidergoa sendotu du
·Castroren bi arraunlari uretara jausi ziren, eta sailkapenean hamahiru puntura daude orain

DONOSTIA

Hondarribiak ez zuen hutsik egin bere zaleen aurrean. Ama Guadalupekoaren arraunak uztailaren 23an altxatu ziren azkenekoz, Vigon jokatutako proban, hain zuzen ere, baina ordutik garaipenik lortu ezinik zebilen. Atzo, ostera, boladatxo txar horri amaiera eman zion Mikel Orbañanosek zuzentzen duen taldeak, eta ez edonola gainera, azken luzean Pedreñari aurrea hartu baitzion azken txanpa ikusgarri baten ostean.

Atzo arte hiru estropada zeramatzan talde gipuzkoarrak ikurrinik astindu gabe. Hala ere, Ama Guadalupekoa lider sendoa zen, eta koadrila barruan ez zen urduritasunik sumatzen. Normala, ordura arte lau garaipen zituen ontzi bat izanik. Lehenago edo beranduago bosgarren iritsiko zela bazekiten arraunlariek, eta etxean baino hobeto, non?

Hondarribiak ohorezko txandan ekin zion lanari, lehen kaletik, Pedreñarekin, Oriorekin eta Castrorekin batera. Baldintzak lagun ­lehen txandako ontziek baino haize gehiago izan zuten, baina ez hainbesterainokoa, eta olaturik ez zegoen apenas­, lau taldeek parean egin zuten ia aurreneko luze osoa.

La Marinera izan zen lehen maniobra hasten aurrena. Ama Guadalupekoa eta Maria bi segundo geroago hasi ziren lan horretan, eta San Nikolas, berriz, bost geroago. Castrori, baina, ez zitzaion maniobra nahi bezain ongi irten, eta ziaboga hartzen zeudela Jose Ramon Carasa aurrekoa uretara jausi zen.Bigarren luzeari, beraz, gizon bat gutxiagorekin ekin zioten kantabriarrek, eta akats horrek, gainera, Pedreñaren eta Hondarribiaren atzetik kokatu zituen. Beste txanda bietan aritutako ontzien erreferentziak ikusirik, Maria eta Ama Guadalupekoa ontzien artean zegoen garaipenerako lehia.

Azken luzera arte berdinduta

Azken luzera arte parean izan ziren kantabriarrak eta gipuzkoarrak. Ziabogetan metro bat ere ez zioten elkarri oparitu, eta azkenengo luzeari ere une berean ekin zioten. Atzetik, Castrok bigarren aurreko bat ere galdu zuen ­Sergio Carrion ere brankatik jausi zen­, eta ordurako Orio gainean zuen.

Pedreñak segundo biko aldea ateratzen zion Hondarribiari azken luze horren hasieran, baina etxean ari zirenek barnean zuten guztia eman zuten eta metro batzuk aurretik kokatu ziren. Azken hirurehun metroetara segundo biko aldearekin iritsi ziren hondarribiarrak, eta azken serie batzuei esker Pedreñarekiko aldea handitzeko gai izan ziren. Oriok eta Castrok ere lehia estua mantendu zuten, baina azkenean gipuzkoarrak sartu ziren aurretik.

Arkote, bigarrenean

Arkote izan zen bigarren txandako azkarrena. Plentziarrek oso lan ona egin zuten, eta aurreneko bi sailkatuekin batera hogei minututik jaisteko gai izan ziren. Cabo gertu izan zuten bizkaitarrek, eta ondoren Zarautz eta Urdaibai ­arraun motza apurtu zitzaien beste behin­ iritsi ziren. Lehen txandakoen artean Mecos izan zen onena, Zumaia, Pasai Donibane eta Laredoren aurretik.



Protagonistak
Joseba Amunarriz: «Jendea traineruarekin dagoela ikusten da»

U.A.
DONOSTIA

Hondarribiko Ama Guadalupekoa ontziko patroiak denboraldiko aurreneko estropadan jantzi zuen liderraren maillot horia, eta ordutik inork ezin izan dio kendu. Atzo etxean lortutako garaipenari esker, gainera, beste bi estropadatan maillot horia janztea ziurtatu zuen.

«Oso pozik gaude. Hiru estropada generamatzan irabazi gabe, baina bagenekien estropadaren batean aurrean egongo ginela, eta gure zaleen aurrean izatea tokatu da. Oso pozgarria izan da, jendea traineruarekin dagoela ikusten delako», azaldu zion GARAri.

Castrorekiko hamahiru puntuko aldea du orain Hondarribiak. «Castrok oso zorte txarra izan du gaur. Puntuak ikusita badirudi poliki-poliki aurrera goazela, baina lanean horrela jarraitu behar dugu hor goian mantendu ahal izateko» gaineratu zuen.

Jose Luis Korta: «Mutilek egindako esfortzua goraipatu nahiko nuke»

U.A.
DONOSTIA

La Marinerak seigarren postuan amaitu zuen arren, Castroko prestatzailea gustura zen bere arraunlariek egindako lanarekin. Ez zen gutxiagorako, azkenean hamaika arraunlarirekin eta patroiarekin egin behar izan baitzuten beren lana.

«Aurrena arraunlaria galdu dugu. Ez da normala nola gertatu den, normalean arraunarekin batera jausten baita, baina soka batekin lotuta genuen. Aukera ona genuen gaur, kale ona zelako eta ziaboga aurretik hasi garelako... Baina halakoak gertatzen dira. Gero, gainera, beste arraunlari bat jausi zaigu, baina tira, bi arraunlari gutxiagorekin mutilek oso lan ona egin dute, eta egin duten esfortzuagatik goraipatu egin behar dira», aipatu zion GARAri.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Etxerat reclama en las playas los derechos de los represaliados
Kirolak
«Si se supera la eliminatoria, a lo mejor hay un fichaje de relumbrón»
Mundua
Acta de nacimiento indígena de la nueva Bolivia
Kirolak
Hondarribiak denboraldiko bosgarrena etxean lortu eta lidergoa sendotu du
Mundua
Hizbula continúa atacando a pesar de los bombardeos israelíes
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss