Libanoko odol putzuaren magnetismo mediatikoaren kalte kolateraletakoa da, agian. Esapide honen funts etimologikoan (alboan jazotzen den zerbait), eta ez horrenbesteraino eufemismo militarrak ezarri ohi dion jite hits horretan (nahi gabe eragiten den kalte mespretxagarri samarra). Bi auzien artean, gainera, kolateraltasun estua dago (baina ez naiz hemen hasiko bietatik zein den «ardatza» eta zein «kolaterala» erabakitzen).
Ezbairik gabekoa da, haatik, Libanoko sarraskiak isilaraziz, bigarren edota hirugarren planora bidali duela Irakeko odol putzua. Kopuruz, Libanokoa baino handiagoa den arren. Eta horren agerikoak ez diren beste ondorio batzuk ere ereiten ari dela, bi gatazka kolateral horien etorkizuna biziro baldintza dezaketenak. Adibide xume batzuekin hobeto uler daiteke.
Duela hamar egun, uztailaren 26an, Estatu Batuetara egin duen lehen (eta, agian, azken) bidaiaren gorenean, Nuri «Jawad» al Maliki Irakeko lehen ministro berriak AEBetako Kongresuaren aurrean hitz egiteko parada izan zuen. Maliki ez delako Karzai, Israelek Libanoren aurka daraman erasoa gaitzetsi zuen irakiarrak bere hitzaldian. Iskanbila handi samarra sortu zen eta hainbat kongresukide eta entzule purrustadaka atera ziren aretotik, Hezbolaren aurkako hitz bakarra ere ez zuela esan ihardetsiz (aintzakotzat hartu gabe bere adiskide min Nasrallah-ren alde ere ez zuela fitsik esan gizajoak). Protestagile sutsuena, izan gogoan, Estatu Batuetako demokrata eta munduko progre askoren itxaropenen aurpegia: Howard Dean.
Astebete geroago, iragan asteazkenean, handik metro gutxira dagoen beste areto batean, Rumsfeld idazkaria eta Pace eta Abizaid jeneralak agertzen ziren prentsaurrekoan. Mezua, geuk ere aspalditik bagenekiena, baina hiru horiexek ekainean bertan esaten zutenaren kontra-kontrakoa: Irak gerra zibilaren atarian dagoela. Zer aldatu ote da bada zazpi asteren buruan herrialde horretan? Edota jada ederki gartuta dagoen gerra zibil horri buruzko jarrera estatubatuarra da aldatu dena?
Irakeko gerra zibila ekiditeko itxaropenak, posibilitateak edota gogoak desagertu ahala, noren aldeko jarrera hartu deliberatzen hasita daude batzuk. Gerra hori inbasioaren ondorio «kolaterala» edo nahitakoa izango ote den erabakitzen hasi beharko genuke besteok, agian. -