«Baionan euskaraz, ofizialtasuna» aldarrikatu du EHEk
·Dozenaka lagunek Baionako festetan «euskarak duen errespetu eza» salatu dute beste behin
BAIONA
Euskal Herrian Euskaraz taldeak protesta egin zuen atzo goizean Baionan, bertako festak izan diren bitartean «euskarak bertan jaso duen bazterketa egoera arbuiatzeko». Euskaltzaleek gogorarazi zuten bezala, «ezaguna da Baionako Herriko Etxeak eta bereziki bertako auzapez Jean Grenetek euskararekiko duten jarrera erasokorra: euskaldunon hizkuntza eskubideak sistematikoki urratu eta euskarari ate guztiak ixtea dute helburu». Egoera hori salatzeko bildu ziren dozenaka lagun.Urtero legez, Herriko Etxe horrek Iruñeko Udalarekin duen ahaidetasuna islatu behar zen atzo, eta azken erakunde horretako agintariak karriketan egin beharreko desfilean parte hartzera gonbidatu zituzten. Hala, Yolanda Barcina alkatea bertan izan ala ez, «euskararen aurkako jarrera bor- titza daramaten bi udaletako ordezkariak bertan zeudela» aintzat hartuta, EHEk mobilizaziorako deialdia egina zuen. «Baionan euskaraz, ofizialtasuna» zioen pankarta eskuetan hartuta, San Andres elizako ohiko mezaren ostean, euskaltzaleek ere desfilean parte hartu zuten beste urte batez. Hainbat herritarrek beren aldarrikapenen berri itaundu zietela ere azaldu zuten gero EHEkoek. Horiek horrela, bi udal horiek euskararen kontra indarrean dituzten hizkuntza politikak salatu zituzten beste behin ere, horietan agintari direnen aurrean protesta eginez. Gainera, Baionako festetan euskarak duen «errespetu eza eta bazterketa» arbuiatu nahi izan zuten, eta festetan ere hizkuntzari dagokion errespetuzko lekua aldarrikatzeko, euskaldundutako Baionako jaietako kartela eraman zuten herriko kaleetan egindako kalejiran. Bide batez, euskaldunon hizkuntza eskubideak errespeta ditzaten euskarak Euskal Herri osoan ofizialtasuna behar duela aldarrikatu zuen EHEk atzoko protestan.
|