BILBO
«Euskal Herriak autodeterminazioa» lelopean datorren iganderako Donostian antolatutako manifestazioaren berri eman zuen Batasunak bezperan, eta deialdiaren gaineko irakurketak egin zituzten atzo ere hainbat alderditako ordezkariek.PSEko Gipuzkoako Miguel Buen idazkari nagusiak, kasu, Batasunaren mobilizazioak «larregi ez duela lagunduko» adierazi zuen. Nolanahi ere, manifestaziorako «eskubide konsti- tuzionala» errespetatu, eta «legeak behartzen duen arrazoizko oreka mantendu» behar dela nabarmendu zuen segidan.
Alegia, Europa Pressi eskainitako adierazpenetan, Buenek esan zuen halako mobilizazioen deialdiek ez dutela larregi laguntzen: «Guztiok dakigu nola has daitekeen manifestazio bat, eta zoritxarrez, Euskal Herrian gehienok dakigu nola bukatzen diren edota zer gertatzen den manifestazioak bukatzean». Maiz istilu larriak jazo izan direla aipatu zuen segidan.
Horiek horrela, bere aburuz, hobe litzateke manifestaziora deitu izan ez balitz, baina, manifestaziorako eta ideiak era aske batean adierazteko eskubide konstituzionala errespetatzearen alde egin zuen: «Legeak, eta askotan arrazoiak berak ere behartzen duen arrazoizko oreka mantendu behar da».
PSEko Arabako Txarli Prietok, aldiz, esan zuen Gasteizko Gobernuak egiaztatu beharko duela ea mobilizazioaren deitzaileek indarrean dagoen legediaren araberako baldintzak betetzen dituzten. Horiek betez gero, bere ustez, manifestazioa egiteko eskubidea izango dute; eta hala ez bada, berriz, Lakuako Gobernuak neurriak hartu beharko lituzke legez kanpoko ekimena oztopatzeko. Gainera, legezkoa izan ala ez, mobilizazio batera deitu izana «Zuzenbide Estatuari desafio egitea dela esatea gehiegizkoa» dela esan zuen Prietok PPko eledunek salatutakoaren harira. Hala ere, bere ustez, deialdia ezker abertzalearen «akats» bat dela ere aipatu zuen politikariak.
EAJ: «Lelo politiko baten alde»
EAJko EBBko idazkari Josune Ariztondok ere Batasunaren deialdia izan zuen ahotan atzo RNEri egindako adierazpenetan. Herritarrek «lelo politiko baten alde» egingo duten manifestazioa izatea nahi luke jeltzaleak, eta ziurtatu zuen euskal eragile eta alderdietako ordezkariek badakitela nola jokatu eskubideak erabiltzeko edota PPren «probokazioak bezalakoak saihesteko». Konfiantza agertu zuen deialdia ez delako probokazioa izango, bai ordea, lelo politiko baten alde egiten den manifestazio herritarra.
Rafa Larreina EAko eledunak, bestetik, gogorarazi zuen manifestaziorako eskubidea «oinarrizkoa eta demokratikoa» dela eta ezin dela ez galarazi ez eta urratu ere. Hala, erakunde publikoei zein Estatu espainoleko botereei hori «babestu eta defenda» dezatela eskatu zien. Izan ere, gaitzetsi egin baitzuen zenbait sektore politiko eta judizial eskubide demokratiko hori betetzea galarazten tematuta ibiltzea.EBko Mikel Aranak uste du zenbaitek bake prozesua agertoki deserosoak bilatzeko dinamikara eraman nahi dutela, eta Batasunaren deialdia horren barruan egindako urratsa dela. Halako estrategiek alderdien mahaia eratzeari begira ezertan ez dutela laguntzen nabarmendu ostean, manifestazioa egitea mugatu edo zigortu ezin daitekeen eskubide legitimo eta demokratikoa dela esan zuen.
Osterantzean, Mariano Rajoy PPko agintariak deialdia galaraz dezala eskatu zion PSOEko Gobernuari, Batasunak, «erakunde terrorista ilegala» izanik, ezin baitu manifestaziorik egin: «Erakunde terrorista batek ez du hori egiteko baimenik herri normal batean ere ez».
Bien bitartean, Gobernu espainoleko lehen presidenteorde Maria Teresa Fernandez de la Vegak ez zuen auzi honen gainean iritzirik eman nahi izan, hori baimendu zein oztopatzeko ardura Lakuari dagokiolako.