Hirurehun biztanle inguru dituen Sarrikotapea herrian ez dituzte indar handiz adierazi 2010. urterako egingo duten hondakinak lurperatzeko zentroaren inguruko iritziak. «Kontrako iritziak nagusi badira ere, jendearen gehiengoak etorriko den gauza aldaezin bat bezala hartzen du», azaldu zuen herriko elkargune den Haritzen aterpetxeko langile batek. «Jendea mintzatzen da, baina gutxi batzuk besterik ez dira zerbait egin beharko litzatekeela pentsatzen dutenak», gehitu zuen.Hamar hektarea izango dituen hondakinak tratatzeko eta lurperatzeko zentroa herriaren erdialdetik kilometro gutxi batzuetara kokatuko dute. Zentroa egun mendixka batean dauden larreetan izanen da eta hurbilen dagoen etxea hiru kilometrora dago.
Usaina da jendea gehien kezkatzen duen arazoa eta horren kontra dagoen jendearen artean hori da erabiltzen den arrazoi nagusia. Kamioiak etengabe pasatuko direla ere nabarmentzen dute askok.
Gai horiei eta besteei buruzko azalpenak emateko Herriko Etxeak paper bat igorri zuen etxe guztietara. Bestalde, bi bilkura publiko antolatuko ditu Bil ta Garbik herriko etxean Sarrikotapeko biztanleei zentroari buruz informazioa helarazteko. Halaber, auzapezak adierazi du zalantzak edo galderak dituen edozein pertsona hurbil daitekeela herriko etxera galdetzera.
Herriko auzapez Hubert Lagaronnek «zentroak ekar ditzakeen galeren gainean zaintzen» izanen dela baieztatu zuen, baita herriarekiko hartzen duen «erantzukizuna» Euskal Herriarekiko ere hartuko duela esan ere. Zentroa kokatuko duten lurraldean egin behar diren ikerketen aurka ez da agertuko.
Borroka Herriko etxean
Herritik kanpo auzapezaren hitzek poza eta lasaitasuna ekarri dute. Batez ere, zentroaren kokapena definitzeke zegoen mementoan zenbait herritan kokapen posibleen kontrako mugimenduak sortu zirelako herritarren eta hautetsien aldetik. Sarrikotapean, Herriko Etxeak dituen hamaika hautetsietatik sei auzapezaren aldekoak dira, baina beste bostak hauteskunde garaian herrian sortu zen beste zerrendakoak dira eta pentsatzekoa zen bezala, hondakinen zentroaren kontra agertu dira.
Herrian, aldiz, gaia orokorrean ez da hautsak harrotzen ari. Herriaren erdialdean bizi den 40 urteko andre batek honela adierazi zuen: «Ni ez naiz zentroaren arras aldekoa, usain txarra duela esaten baitute, baina ez dut afera gehiegi segitu».
Kontra agertu den zenbait jende kritikatu izan du Lagaronnek batzuek kontra egiteko «edozein argudio» erabili dutelako. Horri aurre egiteko Haritzen aterpetxean adierazi izan du herriarentzat ekonomikoki aberasgarria izanen dela eta lanpostuak ere sortuko dituela. «Ni ez nago kamioien alde, baina gidariak hemen geldituko dira jateko eta edateko eta guretzat ona izango da», azaldu zuen aterpetxeko langile batek. -
SARRIKOTAPEA