Baionako bestak
Leon erregea urte osorako lokartu da azkenean
Atzo gauerdian iragandako ekitaldi ofizial baten bidez azken agurra egin zieten herriko jaiei. Leon erregea urte osorako lokartu zen, eta agurrak behar bezala egiteko su-festak izan ziren Reduit plazan. Hala ere, jaiak azken buru arte egitea erabaki zuten baionesek. Usaian igandea lasaia izaten den arren, aurten jendez bete zen.
BAIONA
Baionan zen jendetzak agur esan zien atzo hiriko bestei. Bost egunez Baiona jaien erritmoan bizi ondoren, gaur bestondoari emanen zaio hasiera: karrikak eta ostatuak garbitu eta saltokiak irekiko dituzte. Baionak bere urte osoko irudia hartu ahal izateko, hiru egun bederen baliatu beharko dituzte garbitzaileek. Eta bestazaleek berriz ere lanari ekin beharko diote.Hala ere, horri ekin aurretik, atzo giro handia nabari zen herriko kaleetan, eta ageri zen askok ez zutela biharamunarekin pentsatzeko asmorik. Igandea usaian lasaia izaten bada ere, atzo bederen ez zen irudi hori Lapurdiko hiriburuan ikusterik izan, eta kaleak herritarrez bete ziren goizetik. Horrela, lehenengo ekitaldia banden desfile ofiziala izan zen. Berrehun bat pertsona zeuden Baiona txikiko San Andres elizako mezan, eta horren ondotik, desfile ederra egin zuten karriketan. Musika nagusi zela, guztiek beraien trebeziak azaldu zituzten herritarrak karroza batzuen modura inguratzen zituztelarik. San Andres elizatik Baionako herriko etxera arte etengabe aritu ziren musika jotzen, eta askok dantzari ekin zioten doinu horri esker. Bandekin batera, herriko auzapeza eta zinegotziak ere ikus zitezkeen bertan. Halaber, desfilea, egunero bezala, Leon erregearen iratzartzearekin egin zuten Liberte plazan. Bandek, halere, ez zuten horrekin bukatu eguna, goizetik arratsera arte karrikak zeharkatzen ibili baitziren giro alaia hedatuz. Euskal Herriko bazter ezberdinetatik eta atzerritik bertaraturiko milaka bestazale ikus zitezkeen atzo karriketan. Eta euskara eta frantsesa nagusi baziren ere, gaztelania, ingelesa eta beste hainbat hizkuntza entzun ziren Baionan.
Herri-bazkariak Herritar nahasketa horren erdian, tradizioari eutsiz, bazkariak izan ziren nagusi atzo. Mahaiak jartzeko orduan zenbait jatetxek zailtasunak izan bazituzten ere, lortu zen, berriz ere, giro herrikoia zabaltzea. Nabarmentzekoa da Patxa plazako presoen aldeko bazkaria eta Gure Irratiak eta AEK-k antolaturikoa. Biak, berriz ere, jendez bete ziren. Presoen aldeko bazkariko txartelak, izan ere, bezperatik zeuden guztiz salduak, eta Gure Irratia eta AEK-koan, lehen aldiz antolatzen bazuten ere, ez zuten inolako zailtasunik izan mahaiak betetzeko. Sekulako jendetza zegoen, beraz, bi bilgune horietan, eta bazkaria 17.00ak aldera bukatu bezain laster, guztiek, haurrek lagundurik, poteoari ekin zioten.
Halere, zenbaitekbazkaria lehenago utzi zuten, urteko azken Karrikaldian parte hartu ahal izateko, eta bertan Leinua eta Amaren Alabak taldeen ikuskizunez gozatzeko aukera izan zuten.Gauean, aldiz, Korso argitxuko bederatzi orgak ikusi ziren berriz ere Liberte plazatik Republique plaza arte kaleak zeharkatzen. Herritarrek eginak, jokoa gaia lantzea erabaki zuten aurten. Eta, milaka herritar bildu zen bertan, gauerdiko Leon erregeari azken agurra egin aitzin. Herriko etxeko balkoian, Leon erregea lokartzen hasi zen, baina, oraingo honetan, urte osorako isildu zen.
|