- Harri-zulatzaileak
Txoriherri eta Aldai Alde, onenak
BAIONA
Aldai Alde eta Txoriherri izan dira asteburu honetan jokatu diren EuskalHerriko Ligako bi saioetako onenak. Hala ere, lehenengoak arazo asko izan zituen saioa lortzeko, gutxigatik irabazi baitzuen.Ostiral iluntzean, Txoriherri eta Trapagaran neurtu ziren Erromon. Bi taldeak aurrean ibiltzera deituta zeuden Ligaren hasieran, eta Trapagaran, gainera, Liga irabazteko hautagai nagusia ere bazen, baina ez dabil batere ongi, eta ostiralean egindako marka ere nahiko ahula izan zen. Azkenean, Txoriherrik aparteko eragozpenik gabe bereganatu zuen norgehiagoka. Ordu erdiko lanaren ostean, 16 zulo zituen eginak, eta 11 eta 2,5cm egin zituzten Trapagarangoek. Herenegun, berriz, Berangon neurtu ziren Aldai Alde eta BurdinGazteak, Ortuellako taldea. Saioa emozio handikoa izan zen, baina egindako markak ez ziren handiak izan. 13 zulo eta 9 cm egin zituen Aldai Aldek, eta 13 Ortuellak. Bestetik, herengun Irunen abiatu zen Binakako Txapelketa. Jaizubia A izan zen nagusi, 13 zulo eta 9,2 cm-rekin. Jaizubia B izan zen bigarren 10 zulorekin, eta Errekatxo hirugarren 5ekin. Jaizubia A taldeak finala jokatzeko txartela ia eskuetan dauka. Isuskizak eta Anduezak osatu zuten taldea.
|