- CFA
Genetsek itxura oso ona eman du Rodezen
RODEZ 0 GENETS 0
BAIONA
Puntu oso ona lortu zuen herenegun gauean Genets Angelukoak Rodezera egin zuen bisitan. Etxeko taldeak iaz N1erako igoera esku-eskura izan zuen, eta aurten ere taldea horretarako egin dute. 3.000 zaleren babesa izan zuen, baina Genetsek neurketa oso ona egin zuen, eta inork irabazterik merezi izan bazuen, hori Genets izan zen.Lehen zatian Rodez hasi zen baloiaren jabetza izaten, baina apurka-apurka euskaldunak presio hori kentzen joan ziren, eta zelai erdian nagusitzen ere hasi ziren. Horri esker, Hecklyk aukera pare bat izan zituen markagailuan aurretik jartzeko, baina ez zuen asmatu, eta markagailua mugitu gabe joan ziren bi taldeetako jokalariak atseden hartzera. Bigarren zatian ere, Genets izan zen nagusi, eta aukerak ere bereak izan ziren. Bai Heclyk, bai Jauregik, eta bai Geueye kamerundarrak ere, kanpotarren atea zulatzeko adina aukera izan zituzten, baina ez zuten asmatu, eta azken minutuetan apur bat sufritzea egokitu zitzaien. Azkeneko minutuetan, eta zaleen indarrarekin, etxeko taldea erabat nagusitu zen.Genets, berriz, aurreko minutuetako nekea ere sumatzen hasi zen, eta ez zen harritzekoa, kontuan hartuta oraindik udan gaudela, eta Ligako lehen partida zela. Hala ere, hori-berdeen atzealdea oso ongi aritu zen azkeneko minutu horietan, baita Gruel atezaina bera ere, eta amaieran atea hutsik edukitzeko modua egin zuten. Amaieran poza nabaria zen euskaldunen artean, puntu oso garrantzitsua lortu baitzuten, eta Genets goiko postuetan ibiltzeko moduan dagoela erakutsi baitzuen. Datorren larunbatean Girondins B hartuko dute Saint Jean zelaian, eta zaleen babesa eskatzen dute partida horretarako. Hala ere, bada kezkarako kontu bat Genetsen. Aurtengo fitxatzerik garrantzitsuenak, Poueytsek, ezin izan du Rodezen jokatu, oraindik ez baitu lizentziarik, eta horrela jarraituko du, aurreko taldearekin duen auzia konpondu bitarte. Aurreko taldeak dirua eskatzen dio, kontratua izanda ihes egiteagatik.
|