Aurten bide ofizialetatik jakin ahal izan da berria. Baionako bestetan, gutxienez, bi neska gazte bortxatuak izan dira.Tamalez, Baionako jaietan gertaturiko eraso sexistak ez dira salbuespenak ezta gertakari bakanak. Baionan, Lapurdin eta Euskal Herri osoan iraunarazten den arazo soziala dugu.
Baionako bestetan gertaturiko bortxaketak euskal emakumezkook pairatzen dugun zapalkuntza patriarkarraren isla dira. Gure herrian indarrean dauden sexuen arteko harreman hierarkikoen isla dugu.
Emakumeon kontrako indarkeria euskal emakumeok pairatzen dugun egiturazko zapalkuntzaren ondorio bat da.
Beraz, joan den asteburuan Baionan gertatutakoa gure herriko errealitatea da. Emakumeon osotasuna baldintzatu egiten duen errealitatea da. Jaietan ez ez ezik, bizitzaren esparru guztietan pairatzen den errealitatea dugu.
Aurten, aurreko urteetan bezala, herriko jaiak, kalea, gaua, harremanakŠ ez dira guztiontzako berdinak izan. Jaiak ere, sexuen arabera bizi eta gozatu egiten dira.
Berriro ere, guztion askatasuna ez da errespetatu. Emakumeon osotasuna baldintzatu eta sexu askatasuna ukatu egiten duten jaiak izan dira.
Esan bezala, gutxienez bi neska gazte bortxatuak izan dira. Baina emakumeen kontrako eraso gehiago egon ote diren jakitea zaila dugu, Baionako auzapezak larrialdietako zerbitzuei informaziorik ez emateko agindua eman baitzien.
Arduradun politikoa omen den horrek iazko jaien balorazio ofizialean eraso sexisten ondorioz egondako bost salaketaren inguruko aipamenik ez zuen egin. Izan ere, auzapezak ukatu egin zuen «benetako» erasoak egon zirela. Are gehiago, publikoki eta komunikabideen aurrean emakumeoi zuzendutariko gomendioa helarazi zigun. Hots, jaietan tanga ez erabiltzeko gomendioa.
Auzapezaren esanetan, aurtengo apustu nagusia segurtasuna izan da. Izan ere, aurrekontuaren % 60 eskaini diote segurtasunaren auziari. Aurrekoa kontuan hartuta, zer-nolako segurtasun politika sustatu duten, berau zeren araberakoa izan den eta zein helbururi erantzuteko osatu duten aztertzekoa litzatekeela iruditzen zaigu.
Baionako prokuradore Patrice Michelek, hurrengo urteetan eraso sexistak ekiditeko zerbait egiteko asmoa ote duten galdetuta, karriketan gaindi polizia anitz ibiltzen dela eta «ezinezkoa dela denetan izatea» adierazi zuen. «Agian telefono zenbaki berezi bat zabaldu beharko litzateke?».
Eta hauxe da errealitatea. Baionako prokuradoreak galdetu egiten du ea zer egin behar den, ez baitu inolako ideiarik. Nahiz eta aurrekontuaren %60 segurtasunari eskaini, ez dakite zer egin.
Akaso, mugimendu feminista aintzat hartzeko eta bere aldarrikapen politikoak kontuan izateko garaia da. Akaso, emakumeen eskubideen aldeko borrokan dihardugun emakumeoi entzun behar digute. Akaso, indarkeria sexistaren kontrako politikan parte hartzen utzi behar zaio mugimendu feministari.
Birgogoratu behar dugu Euskal Herrian, Europako zati honetan, ez dagoela inolako mekanismo eta neurri eraginkorrik indarkeria sexista errotik desagertzeko. Errealitateak erakusten digu egun indarrean dauden berdintasun planak eta legeak ez direla eraginkorrak, hitz politetan geratzen diren planak soilik direla. Pauso eraginkorrak emateko erabakirik hartzen ez den bitartean, ezerezean geratuko diren edo eta balio sinbolikoa soilik duten plan eta legeak izango dira.
Gure ustez, bada garaia politika feminista eraginkorra sustatzeko. Eta hasteko, emakumeok pairatzen dugun errealitate bortitza, hots, indarkeria sexista errotik kentzeko praktika politiko integrala indarrean jarri behar da.
Urtero horrelako datuak entzutea, horrelako gertakariak bizitzea onartezina da. Konpromiso politikoak premiazkoak dira.
Lehenik eta behin, instituzioek arduratsu jokatu behar dute. Edozelako eraso sexista pairatzen duen emakumea, babestua eta lagundua dela bermatu behar dute. Beharrezkoak diren kontrol mekanismoak ezarri eta aurrea hartzeko neurriak ezarri behar dituzte. Besteak beste, jai zonak argiztatzeko baliabideak eta zaintza neurriak, jendarte osoari zuzendutako kontzientziazio lana zein erasoak izan diren emakumeei erasoa salatzeko kontzientziazio lana...
Eremu pribatuan, ekonomikoan, legislatiboan, sozialean, kulturalean edo eta hezkuntza esparruan eragingo duten neurri integralak indarrean jarri behar dira.
Jakina, urrats hauek benetan emateko, dirua behar da. Hortaz, beharrezkoak diren neurriekin bat egiten duten aurrekontuak behar dira.
Baina eragile sozial, sindikal eta politikoei ere arduratsu jokatzea dagokie. Haien jarduera feminista izatea beharrezkoa da. Sustatu behar duten politikak feminista izan behar du, sexuen arteko harreman hierarkikoak gainditzeko politikak feminista izan behar du. Eta horretarako haien konpromiso politikoak funtsezkoak dira.
Emakumeon kontrako indarkeria ez da arazo pertsonala, ezta salbuespena ere, arazo soziala baizik. Euskal jendarte osoari eragiten dion arazoa da. Eta beraz, indarkeria sexistaren aurka borrokatzea gizon eta emakume orori dagokigu.
Zapalkuntza patriarkarrari aurre egitea guztion erantzukizuna da, baita arduragabekeriarekin jokatzen duten horien salatzea ere.
Guztiok eman behar dugu erantzuna, horrelako gertakariak ez ditugula onartuko ozenki salatu behar dugu.
Jakina, erasotzaileak ere ez ditugu onartuko, ez Baionako jaietan ez Euskal Herri osoan. Ez ditugu erasotzaileak nahi!!!
Erasotzaileei ere erantzun diezaiegun sexuen arteko harreman parekideetan oinarritutako Euskal Herri baten eraikuntzarekin.
Guk garbi dugu, Euskal Herri feministaren alde borrokatzen jarraitu behar dugu. -