Telekomunikazioak dira, IFREI 2006 ikerketaren arabera, familia bizitza eta lanaldia adiskidetzeko politikak indarrean jartzen dituen sektorerik malguena. Ikerketa IESE negozio-eskolak egin du Estatu espainolean. Datuak bildu ahal izateko, eskolak 360 enpresatan egin du itaunketa, eta telekomunikazioen sektorea atera da garaile 100 puntutik 55 lortuta. Hala ere, publizitatearen, komunikabideen, aholkularitzaren eta zerbitzuen sektoreek jarri dituzte indarrean neurri zehatzak; aldi bateko lanaldia edo lanaldiaren murrizketa, esaterako. Nahiz eta lau arlo horiek, batez beste berrogei puntu lortu dituztenak, lanaldiaren malgutasuna duten bereizgarri, sektore horietan gertatzen den estresa kudeatzen ikasteko ikastaro asko antolatzeak malgutasuna adiskidetzea adieraz dezakeela argitzen du ikerketak. Baina baita gehiagotan eskatzen dela lanerako prest eta libre egotea.
Hala, 2006ko ekaina arte, industria jatorria duten sektoreek hartu zituzten adiskidetze neurri gutxien: ehun-sektoreak, oinetakoenak, jantzigintzarenak, larruarenak edo egurrarenak. Bai eta elektronikaren eta softwarearen industriek ere.
Ikerkuntzaren arabera, gainera, Estatu espainoleko enpresen %48 gehienbat enpresa handiak familia adiskidetzeko neurriren batzuk hartzen ari dira, baina zuzendaritza nagusiaren konpromiso formalik gabe; izan ere, horrek aurrekontu bat egiteko eskatuko luke, eta ez dute nahi konpainiaren estrategian sartu gaia.
Era berean, ikerketak dio adiskidetasunaren enpresa-kultura indarrean jartzeak enpresan lan arazoak gutxitzearekin duela zerikusia; absentismoarekin du erlazioa, esaterako. Izan ere, enpresa handien %38 kezkatzen dituen arazoa da horixe, gutxienez era horretako ikerketak egiten hasi zirenetik; 2004tik, hain zuzen.
Itaundutako enpresen %49k ez dute familia bizitzaren eta lanaren arteko adiskidetzea bideratzeko aurrekonturik, eta %56k ez dute “familiarki arduraduna den enpresa” egitasmoan ordezkaririk. Halakoetan, jarduera hori zeregin zabalagoa duen beste pertsona batek hartzen baitu bere gain; adibidez, giza baliabideen ordezkariak edo gerenteak.
Adisketze jarduerei dagokienez, lanuzte luze baten ondotik abian jartzen diren lan abantailen erabilera bikoiztu egin dute aurten enpresek, eta horien %87 jarri dira indarrean. Familiartekoren bat zaintzeko hartutako lan-utzialdia, berriz, jaitsi egin da, 2005an %74 ziren eta %66ra pasatu da aurten.
Era berean, lanaldi murrizketa edo aldi baterako lanaldia neurriak hazi egin dira, baita lan ordutegi malgua, istripuen segurua edo baimenen batekin lanean ez dagoen langileen ordezkapena. Ikerketa 271 enpresa handitan eta 89 enpresa txiki eta ertainetan oinarritzen da eta lan ordutegi malgua bultzatzeko politikekin, aldi baterako lanarekin edo denbora edota estresa kudeatzeko formazioarekin erlazionatzen du emakumeen presentzia handiagoa.
Gero eta emakume gehiago
Ikerketak gero eta emakume gehiago dagoela lanean dio, baina kontrapuntu bezala badio ere gero eta neurri gutxiago hartzen dituztela enpresetan bizitza segurua edo istripukoa eta erretiratze-planak indarrean jartzeko.
Alderantzizko erlazio hori gehiagotan ere ikusten da: gero eta behin-behineko langile gehiago, orduan eta legeak ezartzen dituen amatasun baimenak baino handiagoak diren neurriak hartzeko aldakuntza arinagoak eta lanbide-aholkularitza, lan ordutegi malgua edo gainerako lanaldia zabalduta egun erdia libre izateko aukera gutxiago. -
BARTZELONA