Algortako San Lorentzo azokak 80 ekoizle inguru bilduko ditu
GETXO.
Urtero egiten duten moduan, aurten ere, Algortako herriak San Lorentzo azokara joaten diren bisitariei ongietorria egingo die. Abuztuaren 10ean izango den jai horretan, ehunka postuk bat egingo dute, San Nikolas, Bihotz Alai Abesbatza eta Getxo Antzokiko plazetan. Ohikoa denez, 10.00etan emango zaio hasiera merkatuari, eta gutxi gorabehera 14.30ean bukatuko da. Euskal baserriko produktu tipiko ugari erosi ahal den honetan, 80 ekoizle bilduko dira 100 postutan sakabanatuta. Musika ere egongo da, trikitilari eta gaita-jotzaile taldeak egongo baitira giroa alaitzeko, 22.00etan jaiari amaiera emango dion Biotz Alai abesbatza ahaztu barik.
Bakioko hondartza, minusbaliatuen bainatzeko eskubidearen alde
BAKIO.
Minusbaliotasun fisikoa edo mugikortasun arazoak dituzten pertsonei bainatzeko laguntza eskeintzea helburu duen “Hondartza denontzat” proiektua Bakioko hondartzan egongo da hurrengo ostegunean. Ekimen horrek jende guztiak hondartzan egoteko duen eskubidea du ardatz, eta minusbaliotasun arazoak edota mugitzeko arazoak dituzten pertsonei eskaintzen die laguntza, haiek ere eskubide horretaz gozatu ahal izateko. Xede hori lortzeko, beharrezkoa den ekipamendu teknikoa izateaz gain, laguntza pertsonala ere eskainiko du, hori guztia, programa modu egokian garatzen dela ziurtatzeko. Horrekin batera, ez dira falta izango ekintzei egokitutako aulki bereziak.
|